GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Merkatu pribatuaren porrota


Asteotan merkatu pribatuaren porrot erraldoiaren lekuko izatean ari gara Euskal Herrian. Enpresarien porrota ere bada, neurri handi batean. Eta ez nabil urte amaierako diru galerez, askoz porrot sakonago eta zabalago batez baizik.

«Sektore publikorako exodoa» deitzen diote batzuek. BEC jendez leporaino eta liburutegiak ohi baino jende nagusiagoz beterik. Oposizio bidezko lanpostu publikoa da jende askorentzat lan baldintza duinak, bake psikologikoa, adierazpen askatasuna eta bizitza proiektuaren beharrizan ekonomikoei eusteko aukera fidagarri bakarra. Deslokalizazioan oinarritutako ekoizpena eta erabili-bota kontratazio logika ez dira gai XXI. mendeko euskal gizarteari orainaldi lasaigarri bat eta etorkizun itxaropentsu bat eskaintzeko.

Baliteke enpresariek arazorik ez ikustea. Neurketen arabera, EAEko biztanle guztiak lanean baleude, soilik hiru eguneko lan karga izango luke bakoitzak. Ondorioz, jende gehiago dago jarduera ekonomiko pribatuak asimila lezakeena baino. Eta beraz, normala da jendeak lana ahal duen lekuan bilatzea.

Baina politikariek, gutxienik, kezkatuta egon behar lukete. Hasteko, sektore publikoa zerga pribatuetan bermatzen delako. Genealogiak gaitasun eta lan esperientziak baino pisu praktiko handiagoa duen herri txikietako lan merkatuetan, arrisku handia dago jenderik baliotsuena bidean galtzeko. Eta herri etorkin izatera bueltatu gura ez badugu, panorama ekonomikoa ezin utz genezake gaitasunak baino herentziak ezarritako estatusa iraunaraztea irizpide nagusi dutenen esku. Areago, enpresa handiak kontratu publikoei hain lotuta dauden euskal ekonomian.

Arazoek gutxitan dute sorburu bakarra. Eta egia da, era berean, jendartearen balioak aldatu direla. Lauaxeta izan zen «opor» hitza euskaraz idatzi zuen lehenengoa, «greba» esateko. Gaur, ostera, euskal unibertsitate pribatu batek ikasleei egin dien inkestan oporrak dira etorkizuna eraiki behar dutenen motibaziorik handiena.