GARA
BILBO

Bizkaiko esku-hartze sozialeko langileek hileko bigarren lanuztea egin dute

Bizkaiko esku-hartze sozialaren arloko langileek ekaineko bigarren lanuzte partziala egin zuten atzo. LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek deituta, hilaren 14ko grebari segida eman zioten, Aldundiko Inklusio sailaren aurrean mobilizatuz.

Bizkaiko Esku-hartze Sozialaren Hitzarmen Kolektiboa aldarrikatu zuten elkarretaratzean, hirugarren sektoreko lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eskatuz.

Nabarmendu zuten deigarria dela Gizardatz eta Geroan patronalek, esparru autonomikoan negoziatzeko eskatzen dieten arren, soil-soilik Bizkairako lehengoa baino proposamen eskasagoa egitea, Gipuzkoako eta Arabako baldintzekin parekatu beharrean: «Hitzarmen Kolektiboa sinatu dute Araban hobekuntza garrantzitsuekin soldatei dagokienez. Ondorioz, azken tokira zokoratu da Bizkaiko V. Hitzarmen Kolektiboa».

Aurreko lanuzte partzialaren ostean langileen asanblada eratu zuten eta bertan erabaki zuten atzorako iragarrita zegoen egun osoko greba lanuzte partziala bihurtzea, «ahalik eta langile gehienek ekimenean parte hartzeko helburuarekin».

LABek salatu zuen aurreko egunetan patronalen komunikatu bat jaso zutela langile zein ordezkariek, plataforma bateratuaren kontra jartzera eta honen jarrera aldatzeko presioa egitera deitzen. «Negoziazio kolektiboa baldintzatzeko ekimen onartezina» dela uste du du sindikatu abertzaleak.