Haritz LARRAÑAGA
Baiona

Sindikatuek Macronen erreformaren kontra mobilizatzen jarraitzen dute

Mobilizazio eguna deitua zuten atzo sindikatuek Estatu frantsesean. Lapurdin sektore desberdinetako eragileak batu ziren. Baionako portua blokeatu zuten goizean eta Angelun 400 manifestari elkartu ziren.

Estatu frantsesean FO eta CGT sindikatuek atzo deitutako mobilizazio eguna Ipar Euskal Herrian ere islatu zen. Macronen gobernuak daraman politikarekin «errepublikaren eredu soziala» ahuldu egin dela eta «desberdintasun sozialak gero eta nabarmenagoak» direla salatzeko kalera atera ziren arlo eta sindikatu desberdinetako kideak. Horrela, trenbideetako greba amaitzear dela, sektore ugaritan gauzatzen ari diren borroka zehatzez harago, sindikatu guztiak norabide berean batzeko deiarekin bat egin zuten Sud Rail eta LAB sindikatuek.

Goizeko 5.30etik 10.00etara Baionako portuko sarbidea blokeatu zuten 130 manifestarik. Eguerdian, greban diren Angeluko Dassault enpresako langileekin batera manifestazioa egin zuten 400 lagunek.

Parisen, mobilizazioen deitzaileek aditzera eman zutenez, abuztuan sindikatu guztiak deituko dituzte irakurketa bateratu bat egiteko. Halaber, datozen hilabeteetan zein gairi emango dioten lehentasuna iragarri zuten: «Laguntza sozialak eta erretreta».