Mirian Campos 
KOLABORAZIOA

Altsasukoak: gezurrak eta frogen asmakizuna. Errepikatzen den historia

Irlanda izan zen erreferentea 90eko hamarkadan gure gazte belaunaldiarentzat. Pazkoko matxinadatik hasita errepublikar mugimenduaren erresistentziaraino Irlandaren epikak erakartzen gintuen oso. Horregatik, 1994an “In the Name of the Father” (Aitaren izenean) pelikula estreinatu zenean ez genuen zalantzarik izan ikustera joateko. Gure begirada kritikoarekin ikusi ere. Orduan jakin genuen lehenengo aldiz «The Four of Guildford» kasuaren inguruan. Gure hogeita piku urterekin Euskal Herria zen gure guda zelaia, beraz, ekintzak, gerra zikina, atxiloketak, hilketak… ez zen semantika arrotza guretzat. Gure harridura ez zen horrenbeste izan irlandar herritar batzuek egin ez zuten ekintza batengatik 15 urte espetxean eman behar izatea (bueno, hori ere bai, noski!). Gehien harritu gintuena izan zen 15 urteren buruan Erresuma Batuko auzitegi batek bere epai batean atzera egin behar izatea. Parlamentuak, bere aldetik, barne prozedura bat ireki zuen gertatutakoa argitzeko eta hainbat poliziak aitorpenak lortzeko prozedura ilegalak erabili zituztela eta gezurretan ibili zirela ondorioztatu zuen. Gezurretan eta frogak asmatzen.

2003an Ainara Gorostiaga ezagutu nuen Soto del Realeko kartzelan. Elkarrekin egon ginen hilabeteetan gure patioko elkarrizketetan maiz ateratzen zen bere historiaren kontaketa. Guk Ainara sinisten genuen arren ez zuen ematen beste inork kanpoan babesten zuenik bera eta bere lagunen istorio harrigarria. Baina bi urte kartzelan betetzear zeudenean, 2004ko udaberrian, Ainara, Mikel, Aurken eta Jorge kalera atera ziren. Eskandalagarritzat jo zen orduan nola lau gazte nafar hauek, egin ez zuten ekintza bategatik, bi urte eman behar izan zuten kartzelan. Irlandan ezagutu genituen osagaiak hemen errepikatzen ziren: torturapean ateratako deklarazioetan oinarrituta poliziek osatutako muntaia. Gezurrak eta frogen asmaketa, beste behin ere.

2018ra etorrita, berriro ere ikusten dugu nola zortzi gazte nafarren inguruan estatu aparatuek muntaia oso bat asmatu duten proportzionalitatea eta justiziaren parametro guztiak gaindituz. Epaiketa kutsatuta egon da hastapenetik. Defentsek eta akusazioak ez dute arma juridiko berdinekin jokatu, frogak ez zeudenean asmatu egin dituzte eta, txarrena, tribunalak ontzat eman ditu ustezko froga horiek eta alde bateko testigantzak. Lehengo lepotik burua: polizien aldetik gezurrak eta frogen asmakizuna…

2005ean Tony Blairrek, une horretan Erresuma Batuko lehen ministroa zenak, barkamen publikoa eskatu zien Guildfordeko lau kaltetuei eta haien familiei egindako minagatik eta sufritutako bidegabekeriagatik. Adierazpen politiko hau berandu baina kanpaina indartsu eta zabal baten ondoren etorri zen. Ez zen hori izango Erresuma Batuak bere sistema barruan egindako akatsak eta eragindako gehiegikeriak publikoki onartzen zituen azkeneko aldia. 2010ean, David Cameronek onartu behar izan zuen, “Saville” txostenean ondorioztatu bezala, Ejerzito britainiarrak ez zuela izan inongo justifikaziorik Igande Odoltsu bezala ezagututako Derryko sarraskia eragiteko. Beste behin ere, biktimei zein beraien senideei barkamen ofiziala eskatzeko beharrean aurkitu ziren.

Zenbat denbora pasatu beharko da Euskal Herrian Estatuko arduradun politikoen aldetik horrelako barkamen publikoak entzuteko? Torturetan, gezurretan, muntaia mediatiko-polizialetan oinarritutako hainbat sumario berraztertuko dira inoiz? Euskal Herrian garai berri bat omen gaude bizitzen baina hainbat moldek eta hainbat jokaerak iraganera eramaten gaituzte behin eta berriro. Gobbels-ek teorizatu zuen gezur bat mila aldiz errepikatuta egia bihurtzen dela. Estatuek maisuki erabiltzen duten teoria, Altsasuko kasuan ere praktikan jarri dutena. Horregatik, Estatuaren aldetik zabaldu den egiaren aurrean Altsasuko gurasoek egin duten lana mirestekoa da, lortu dutelako ez soilik bertsio ofiziala arrakalatzea, baita herri honen gehiengoa haien alde jartzea ere. Altsasukoak daude orain jomugan. Atzo beste batzuk izan ziren eta, tamalez, bihar horrelako beste kasurik ezagutuko dugu. Baina ez gara nekatuko, gu ere, justiziaren aldeko aldarria egiten. Kalean nahi ditugu. Ondoren etorri beharko da, inoiz, Estatuak bere sistemaren barruan egindako gehiegikerien onarpena. Kasu honetan eta bestelakoetan. Bitartean, beren ondoan izango gaituzte. #AltsasukoakAske