Arantzazu FERNANDEZ
ANTZERKIA

Ene, Zestoa!

Zestoako Antzerki Astean antzokiaren edukiera txikiegi geratu zaie izaten ari diren arrakastagatik. Ez da harritzekoa ostiralekoa ikusita. Saio bikoitza eskaini digute egun horretako programazioan hiru aktore apartarekin: Iñaki Ziarrusta, “Tomiris. Mendeku zilegi baten istorioa”-n eta Miren Gaztañaga, Iraia Eliasekin batera, “Agur eta Dolore”-n. Artista horien lana miresteko aukera izanda, euskal antzerkiaren antzezpen maila goraipatu nahi dugu lerro hauetatik, bereziki, artistek erakutsi digutelako ahotsaren modulazioa zein diskurtsoaren artikulazioa ez ezik gorputza ezin hobeto menperatzen dutela.

“Tomiris”-en Atx teatroaren estetika ilun eta bitxitik abiatuta, pertsonaiak, bortxaketak eta eraso sexualei buruzko istorio bat aletzen du heteropatriarkatua salatuz. Protagonistak, bere mendekua bideratzeko, Eskoziako gaueko klubetan “pole dance” dantzari hiperfeminizatua bihurtuta, ondo daki zertaz ari den. Kontakizuna umore garratzez aletuta, Ziarrustak aurreko lanetan erakutsitako gorputz trebetasuna harago eramaten du oraingoan generoen arrakala zalantzan jarriaz.

“Agur eta Dolore”-k umorea aktibatzen du hasiera-hasieratik. Bi aktore maskaratuak estreinaldia baino bi egun lehenagoko antzezlan baten entseguan daude. Maskarak kenduta aktoreen kezkak azaleratzen dira ikuskizuna metateatro bilakatuta. Maskarekin Commedia dell'Arte-ko manera gaurkotuak erabiltzen dituzte; plano horretatik at, berriz, teatro lan baten eraketan zer gertatzen den ikusten dugu: jolasak, ideia zaparradak... Gaztañaga eta Eliasen energia antzokian zabaltzen da. Hain ondo eraikitzen duten bikote komikoak jarraipena izan beharko luke, umorearen mekanismoa erloju baten zehaztasunez lantzen dakitelako, batetik, eta bestetik, antzerkiari buruzko eskola bat ematen digutelako, Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean.