06 JUL. 2018 Euskal kooperatibismoaren saria, Arizmendiarrieta Euskal kooperatibismoaren Denon Artean saria banatu zuten atzo aurrenekoz eta Jose Maria Arizmendiarrietari eman zioten «in memoriam», «Mondragon esperientzia kooperatiboaren» buru izan zenari. GARA DONOSTIA Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak (NAK) eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) urtero uztaileko lehen larunbatean ospatzen duten Kooperatiben Nazioarteko Egunaren harira –aurten 96.a– eman zuten euskal kooperatibismoaren Denon Artean saria, Miren eta Jose Maria Arizmendiarrieta ilobek hartu zutena. «Ideiak ez badira transformatzen ez dute ezertarako balio» zen Arizmendiarrietaren aipurik esanguratsuena eta esaldi bera erabili zuten atzoko ekitaldiko bideoan, omenaldi gisa. Apaizak ongizate eta elkartasun mailan zituen balioak nabarmendu zituen haren sendiak.