GARA
DONOSTIA

Donostiako pentsiodunak irailaren 10ean itzuliko dira

Atzo egin zuten azkeneko asanblada zein manifestazioa Donostiako pentsiodunek Alderdi Ederren. Dena den, irailaren 10a bitartean, ekintza ezberdinak egiten jarraituko dutela iragarri zuten ordezkariek.

Donostiako pentsiodunek atzo erabaki zuten uda sasoiko egutegia. Irailaren 10era bitartean eten egingo dituzte astelehenero ohiko bihurtu diren asanblada eta manifestazioak. Atzokoa, beraz, azkena izan zen. Hala ere, iragarri zuten ekintza zehatz batzuk egiten jarraituko dutela, «nahi duen ororentzat».

Esaterako, datorren astelehenean, hilaren 16an, kartelak egiteko hitzordua jarri dute, uztailaren 23an egingo duten mobilizazioan erabiltzeko. Izan ere, hilaren 23an Kontxako pasealekutik Miramar jauregiraino joango dira, “Gaur egungo pentsioen iraunkortasuna” jardunaldia iragarrita baitago, EHUren Uda Ikastaroetan. Pentsiodunek beren borroka ikusaraztea izango dute helburu mobilizazio honen bitartez.

Era berean, astelehenero, ekintza bat bukatzean, zehazten joango dira hurrengo asteko eginkizunen nondik norakoak.

Marian Esnaola erretiratuen plataformako kideak adierazi zuen beraien aldarrikapenak bidezkoak direla: «Politikariek hausnartu egin behar dute eta kontuan hartu behar gaituzte».

Bilbon jarraipena izango dute

Arabako pentsiodunek joan den astelehenean egin zuten uda sasoiko azken elkarretaratzea eta irailaren 17an itzuliko dira mobilizazioetara.

Uztail eta abuztuan Bilbon bakarrik egingo dira, beraz, astelehenetako elkarretaratzeak; edo, behintzat, asmo hori berretsi zuten atzo ere. «Hurrengo astelehenean hemen jarraituko dugu eta hala segiko dugu jende kopuru adierazgarria hurbiltzen den bitartean», zehaztu zuen Jon Fano bozeramaileak.