Nerea Goti
Kazetaria
IKUSMIRA

Eta eskolaren argazki zehatzago bat bagenu?

Lakuako Hezkuntza Sailak aurkeztu dituen ebaluazio diagnostikoko azken proben emaitzek titular ugari utzi dituzte. Ez ditut ondorioak zalantzan jartzen, ezta probak egin dituzten kanpoko aztertzaile horien profesionaltasuna ere, baina ez dakit datu horien sakontasuna neurrian jartzen; seguruenik egoera orokorraren pista batzuk eman dituzte. Halere, neure buruari galdetzen diot hezkuntzak ez ote duen behar bestelako ebaluazio diagnostikorik. Azken hau Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ia 43.000 ikasleei egindako probetan oinarritzen dela esan dute, besterik ez.

Gauzak dauden moduan, ez legoke txarto hezkuntza sistema zelan dagoen aztertzea, eta ez soilik ikasleen emaitzei begira jartzeko. Egun, bitartekoak badaude analisi sakonago bat egiteko, ikastetxez ikastetxe, profesionalen analisi eta proposamenekin. Argazki zehatzago bat aterako litzateke seguruenik, aztertu beharreko atalak eta metodoa adostuta. Diagnostiko on batetik azaldutako erronken neurriko irtenbideak etor daitezke, bai ikastetxe gehienetan errepikatzen direnen eta bai hain ohikoak ez izan arren behar bezalako erantzuna behar dutenen neurrikoak.

Analisi zabal horrek azalaraziko lituzke, agian, tokian tokiko errealitateak, kalea bezala eskola oso anitza baita, eta egoera bakoitzak erantzun ezberdin bat beharko duelako, seguruenik. Era berean ez legoke txarto familiei hitza ematea. Hezkuntza Departamentuko buruzagiek «eskolak bakarrik ezin du» diotenean familiek erantzungo lukete, agian, «guk ere bakarrik ezin dugu», eta batez ere, zergatik ezin duten.