GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Sanferminak badoaz, aldaketaren erronkak ez, ordea


Luzeak dira Iruñeko bestak. Batzuondako, kalean barna ibiltzea oso gustuko izanik ere, iristen da atsedena hartzeko tenorea, indarrak agorturik. Adina, esanen duzue, eta jakina, hala da. Gorputzaren mugetatik ezin aldenduz, gogoetarako beta irekitzen ahal da halakoetan, bestari bestela erreparatzeko parada.

Bizitako momentikoak bilduz, Euskal Herrian bizi dugun birpolitizazioaren adierazpen anitz kausitu ditut nik egunotan. Esanguratsuki, “Altsasukoak askatu” bilakatu da emozio politikoen oihurik argiena. Prozesioan edo ia edozein unetan lehertzen zen haserre kolektibo erraldoia, baina beste hamaika forma ere atzematen ahal ziren gure kaleetan. Besta herriaren taupadaren forma dugu; areago, politikaren jarraipena beste bideetatik, esanen nuke, eta besta bizitzeko eran sumatzen ahal da jendartearen sakoneko mugimenduen norabidea.

Duela hiru urte aldaketa taupada iritsi zen instituzioetara; besteak beste, Iruñeko Udalera. Gertaera historikoa izan zen, jende askok eta askok malkoen artean oroitzen duena. Aldaketak urrats handiak egin ditu, oztopo handiak ere aurkitu dituelarik. Berriki krisi kezkagarria ere gertatu da, alderdikeriak hamaika aurpegi baititu, politika berriaz mozorratzen bada ere. Inbertsio garrantzitsuak baztertzeko UPN eta PSOErekin bat egitea ez da aldaketa bultzatzeko modua; ez zen iraganean eta ez da orain ere, eta nago batzuek izan dutela hartu duten erabakiak piztu duen zapuzketaren berri, aldaketa lan eta borrokaren fruitua baita, nekez eraiki dena.

Nik ez dakit zer gertatuko den aldaketarekin, baina nago ez garela inoiz gainditutako garaietara itzuliko, jende askok eta askok ikasi duelako hobe dela bestelako Nafarroa irudikatu eta eraikitzen aritzea sufriarazi ziguten parke tematiko kasposo atzerakoi horretan berriz ere itotzea baino. Uztailak ez dira hamalauan bukatzen, alta, ezta Iruñean ere… eta erronkei behar bezala egin beharko zaie aurre.