Oihane LARRETXEA
Kazetaria
IKUSMIRA

Xarpa

Astebete eskas zuela heldu zen Xarpa gurera. Tolosa inguruan sortu zen, Bidaniako paraje ederretan. Leun- leuna zen, ikatza bezain beltza. Eta han-hemenka gaztaina koloreko ilea zuen. Biberoiz elikatu zen lehendabizi, esne epelez. Lehen egun haietan aitonaren oinen artean babesten zen, sukaldeko berotasunean. Haren oinetakoak handiagoak ziren kumea baino. Zein izaki maitagarria! Familian kide berria genuen.

Xarpa pixkanaka-pixkanaka handitzen joan zen, heltzen. Gorputzak tamaina ertaina hartu zuen eta hankak, luzeak baino, motzak zituen. Burua ederra, belarriak tente. «Baserri arraza», dio aitak. Alaia zen, argia, eta ikasteko gaitasun ikaragarria zuen. Baina batez ere oso kariñosoa zen. Laztanak izugarri gustatzen zitzaizkion, bereziki kolkoan. Lehen ukituak sumatu bezain pronto etzan egiten zen, ez gelditzeko eskatuz. Eta hankaz gora zegoela halako begiez begiratzen zintuen, ezinezkoa zela ezetz esatea…

Jasotzen zuen maitasuna baino gehiago ematen zuen bueltan. Etxeko ataka berdea ireki orduko ahoan hostoa zuela jasotzen zintuen.

Urumeako bazterretan ibiltzen zen saltsan, eta gaztea zela noiz edo noiz bizpahiru egunez ihes egiten zuen. Bueltan, ezkutatu egiten zen zigorra eskibatzeko. Baratzea zuloz josten zuen satitsuak harrapatzeko. Haragia zuen hezurren bat ematen zitzaionean ere zuloa egiten zuen. «Gero jateko» gordetzen zuen, eta ez zen despistatzen «goxokia» aurkitu nahi zuenean.

14 urte igaro dira sukaldeko egun haietatik. Tristuraz bete ditut lerro hauek. Zoriontsua izan zen eta zoriontsu egin gaitu, Xarpa denok botako dugu faltan. Maite zuen etxeko sagastian hartu du atseden.