GARA
BILBO

Metalgintzan emakumeen kontratazioa sustatzeko proposamena aurkeztu dute

LAB sindikatuak idatzi bat erregistratu zuen atzo Lan Harremanen Kontseiluan, metalgintzan berdintasuna sustatzeko. Proposamena egin du FVEM patronalak uztailaren 18an Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenaren negoziazio mahaian izan zuen jarrera ikusita.

Sindikatuaren arabera, patronalaren jarrerari buruz zituzten aurreikuspenak indartuta ikusi dituzte, eta horren aurrean proposamen bat egin behar zutela ikusi zuten, pasibotasuna eta erosotasuna nabaritu baitute. Izan ere, patronalak soldatak igo eta berdintasuna lortzeko eta diskriminazioa ukatzen duen proposamen bat egin du, baina LABek uste du ez duela ekarpen berririk egiten. Horregatik, «emakumeen lan baldintzak hobetu eta emakumeen kontratazioa sustatzeko beharrezko edukiak definitzeko», egin dute proposamena.

Alde batetik, berdintasuna sustatzeko batzorde baten sorrera eskatzen dute, honakoaz arduratzeko: «Diagnostiko orokor bat egitea eta Ekintza Plan Positiboa planteatzea emakumeak Bizkaiko metalgintza sektorean sartzeko, berdintasuna bermatu eta dagoen soldata arrakala amaitzeko». Batzorde hori hiru hilabeteko epean eratuta egon behar da. Honen funtzioa enpresa bakoitzari beharrezko informazioa eta diagnostiko orokorra ematea izango da, bakoitzak bere zentroaren Ekintza Plan Positiboa sor dezan.

Plantillan aldaketak

Proposamenean jasotzen da enpresa guztietan gutxienez emakumeak %40 izan behar direla, eta bakante edo beharrizan berrien aurrean, emakumeak kontratatuko direla lehentasunez. Era berean, enpresek beharrezko kuotak zehaztu beharko dituzte egun dagoen egoera orekatzeko, batez ere «historikoki gizonei esleitu zaizkien lanpostu horiei guztiei dagokienez».

Amaitzeko, planak neurriak hartu beharko ditu emakumeen aldi baterako kontratazioa gizonezkoena baino handiagoa izan ez dadin. Hau da, epeak markatu beharko dituzte aldi baterako lan kontratua duten emakume horien guztien kontratuak finkoak izan daitezen.