GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

«Umme sahar»


Navarrorum» euskarari buruzko erakusketan, Lergan aurkitutako erromatarren garaiko gizon baten euskarazko oroitarria ageri da. Bertan, XXI. mendeko euskaraz erraz ulertzen diren berba bi daude elkarren ondoan: umme sahar.

Bi hitz horiek elkartuta adierazten dutena horrela definitu dute ikerlariek; espainiarrez, noski: hijo viejo (“seme zahar”), hijo mayor (“semerik zaharrena”) edo eta heredero (“oinordeko”). Nire ustez, hiru interpretazioek dituzte erantzun zaileko galderak eta azalpen arazoak.

Euskaraz ume hitzaren esanahia ez da hijo, kontestuak bihur lezake, baina ez da bere definizioa. Hijo euskaraz ”seme” esaten da. Gainera, badakigu Lergakoaren sasoiko Akitaniako oroitarrietan seme hitza ohikoa dela, bere forma zaharrean: sembe. Ondorioz, seme zahar esan nahi bazuten zergatik ez zuten sembe sahar idatzi? Agian beste zerbait esan nahi zuten.

Oinordekoaren azalpena, Wundt parafraseatuz: «datu gramo batekin egindako tonako interpretazioa da». Ez dago azalpen hori justifika lezakeen informaziorik. Eta “ume” eta “seme” kontzeptuak nahasten ditu, aurrekoek bezala.

Nire ustez umme sahar hitzek “ume zahar” esan nahi dute, ez “seme zahar”. Gaur egun termino bera erabiltzen jarraitzen dugu, baina lehenengo hitzaren lekuan latinezko mailegu berria ipinita. Umme-ren lekuan “mutil” esaten dugu orain; latinezko mutilus hitzetik eratorria. Dirudienez, Lergako idatziaren sasoia baino beranduago gureganatu genuen hitza. Umme sahar-ek mutil zaharren itxura handiegia du. Ezkondu ez eta seme-alabarik izan ez zuen gizon baten oroitarriaren aurrean geundeke, beraz. Ockhamen labana alde dago, azalpenik sinpleena baita.

Zergatik ez duten adituek aukerarik sinpleena kontsideratu ere egiten? Beleiako ostrakak Guardia Zibilaren esku jarraitzeko eta Jaurlaritzak telebistan konjetura historiko bakarra finantzatzeko arrazoi berberagatik. Zientziaren ikuspegitik ezin larriagoa da: datu gramoz eraiki dituzten interpretazio tonen zuzentasunaz seguru daudelako.