GARA
ERROMA

Vatikanoak irteteko debekua ezarri dio sexu abusuengatik susmopean den kardinalari

Theodore McCarrick Washingtongo artzapezpiku ohi eta kardinalak etxetik irten gabe egon beharko du, Frantzisko aita santuak erabaki duenez. Abusu sexualak leporatu dizkiote New Yorkeko elizgizonari.

McCarrick elizgizonaren aurkako salaketak argitu arte egoera horretan egon beharko du. Bere orain arteko eginkizunekin jarraitzerik ez du izango artzapezpiku emerituak, Vatikanoak berak atzo agiri baten bitartez jakinarazi zuenez.

Joan den ostiralean Theodore McCarrickek igorritako eskutitza jaso zuen Aita Santuak. Bertan azaltzen zion estatubatuarrak Kardinalen Kolegioa uztea erabaki duela. Frantziskok onartu egin du artzapezpiku emerituak kolegioa uztea, eta McCarrick orain arteko eginkizun guztietatik aldentzeko agindu du. Aldi berean, argentinarrak erabaki du New Yorkekoak «esango diogun etxe batetik irten gabe» egon beharko duela, bizitza «otoitza eta penitentziari» lotuta egin dezan.

Salaketak «prozesu kanoniko» baten bitartez «argituko» dira, hau da, Elizan bertan. Adituek diote Frantziskok hartu duen neurria bizitza zibileko prebentziozko espetxeratzearen parekoa dela. McCarrick da sexu abusuengatik bere kargua uzten duen lehen kardinala.

Aste honetan bertan, Sean Patrick O’Malley Bostongo kardinalak, pederastiaren aurkako borrokan gehien nabarmendu den elizgizonetako batek, adierazi du kardinal eta gotzainen aurkako abusu sexualen inguruko salaketak ikertzeko gaur egungo modua hobetu egin behar duela Eliza katolikoak.

Hogei urteko abusuak

“The New York Times” egunkariak argitaratu berri du Theodore McCarrick kardinalaren biktima izan omen zen gazte batekin egindako elkarrizketa. Bera adingabea zela (11 urte zituen amesgaiztoa hasi zitzaionean), Washingtongo artzapezpiku ohiak behartu egin omen zuen. Egoera hori bi hamarkadaz luzatu zen, betiere kazetak esan duenez.

Kasu horren harira, Sean Patrick O’Malley kardinalak ikerketa lehenbailehen egiteko eskatu dio Vatikanoari, baina Eliza katolikoaren zuzendaritzak nahiago izan du McCarrickek kargua uzteko erabakia har dezan. Edonola ere, badirudi Vatikanoak ontzat hartu dituela 88 urte dituen elizgizonaren aurkako salaketak.

Orain aste batzuk, ekainaren 19an, Timothy Dolan New Yorkeko kardinalak onartu zuen bere elizbarrutian jaso izan zituela McCarrickek egindako abusuen inguruko salaketak. «Orain 45en bat urteko kontuak dira», esplikatu du Dolanek.

Theodore McCarrickek berak errugabetzat jo izan du bere burua. Duela gutxi agiri baten bitartez jakinarazi zien Vatikanoko agintariei erabateko laguntza emango ziela.

Baina joan den ekainaren 20an, New Yorken propio eratu zen ikerketa batzorde batek ondorioztatu zuen kardinalaren aurkako akusazioek bazutela oinarririk, sinesgarriak direla. Aste hartan bertan, Vatikanoko Estatu idazkariak, Pietro Parolin kardinalak, jendaurreko ekitaldi guztietatik aldentzeko agindu zuen, Frantziskok esanda.