14 AGO. 2018 IKUSMIRA Ni neu oraindik erantzunaren bila nabil Ane Urkiri Kazetaria Eroso gabiltza gure egunerokoan. Etxetik lanera, lanetik lagunengana, buelta etxera. Asteburuan ere badago zer ospatu, izan festak, izan ezkontza. Familia artean, lagun artean, alaitasuna elkarbanatzen. Hauxe da egokitu zaigun bizimodua. Zorionez. Eta azpimarratzekoa da zortearen zoria. «14 orduz arraun eginda heldu nintzen Barbatera», kontatzen dizu Irunen kasik noraezean dabiltzan migranteetako batek, Ginea Konakryko Ismaelek. Aurretik gehienak Afrikan zehar hiru urteko ibilbide ankerra eginda iristen dira estatu espainolera. Saihetsezina da beraiekin konektatzea. Lau urteko umearen inozentziak, jolasteko gogoak, harrapatzen gaitu eta nire sasoiko gazteen indarrak hausnartzen utzi nau. Familia edo lagunak zain dituzte estatu frantsesean baina muga pasa bezain laster polizia frantsesaren kontrol zorrotzek segituan itzultzen dituzte Irunera. Irunen baina, Gurutze Gorriaren lo egiteko zerbitzua gehienez bost egunez erabil dezakete 28 lagunek. Lehenago edo beranduago, hogeinaka pertsona babesgabe lo egitera behartuta daude. Mundu «ideal» honek trabak jartzen jarraitzen du eta auskalo zein den konponbidea. Boluntarioek ohartarazi zuten udal gobernuko ordezkaririk ez zela pasatu Gizarte Zerbitzuetatik, non bertan batzen diren etorkin gehienak. Proposamen gisa, gertutik egoera ezagutzea izan daiteke lehenengo urratsa. Bertan daude Felix, Ismael, Dicello, Balde edo Abdoulaye, bizitza hobe baten bila eta familiarekin batzeko irrikaz. Azaldu iezaiezue zergatik oztopatzen diegun, ni oraindik erantzunaren bila nabil eta.