GARA Euskal Herriko egunkaria

Inoizko euskal ekoizpen gehien hartuko ditu 66. Zinemaldiak

Inoiz baino euskal ekoizpen gehiago ikusi ahalko dira irailaren 21ean abiatuko den 66. Zinemaldian. Orotara hogei film izango dira eta horietatik gehienek, hamabik, Zinemira atalean hartuko dute parte. Sail hori Ana Schulzen eta Cristobal Fernandezen «Mudar la piel» filmak irekiko du eta itxiera Fermin Muguruzaren «Black is Beltza»-ren eskutik egingo da. Zinemira saria, aldiz, Ramon Agirre aktore donostiarrak jasoko du, bere ibilbide emankorragatik.


Euskal zinema ikusteko gogoz denak 66. Zinemaldian izango du aukerarik. Orotara, jatorria Euskal Herrian duten hogei ekoizpen bilduko ditu aurtengo edizioak eta horietatik hamalautan entzun ahalko da euskara –euskara hutsean diren lanen kopurua ez dute zehaztu–.

Tabakalerako 1. zinema aretoa txiki geratu zen atzo, film horietan parte hartu duten aktore, zuzendari, filmaketako kide, ekoizle eta kazetarientzat; zenbaitzuek aretoko eskaileretatik aditu behar izan zituzten Jose Luis Rebordinosen azalpenak. Zinemaldiko zuzendariak esan zuenez, jaialdiaren apustuetako bat euskal zinemaren aniztasunaren alde egitea da eta, haren hitzetan, egun «zinematografia arrakastatsua daukagu, oso zine anitza egiten duena; zinema herrikoiagoa, lehenago arte eta saiakerako zinema deitzen genuena... Eta gu film mota guztiak sartzen saiatzen gara». Azken urteotan euskal zinemak bizi izan duen suspertzearen atzean «elkarrekin pausoak emateak» garrantzia izan duela iritzi zion: «Ideia beraren aldeko apustua egitea oso garrantzitsua da. Azken urteotako euskal zinemaren arrakastaren zati bat dela uste dut»

Zehaztu zuenez, Zinemira saila izango da euskal ekoizpen gehien biltzen dituen atala, hamabi lanekin. Ana Schulzen eta Cristobal Fernandezen “Mudar la piel” izango da sekzioa inauguratuko duena. Locarnon lehiaketaz kanpo estreinatu zen lan honetan Juan Gutierrezen eta Roberto Florezen arteko laguntasuna aztertzen da: Gobernu espainolaren eta ETAren arteko bitartekari izan zen bata, traizioagatik zigortutako CNIko agente ohia bestea. Zinemirari itxiera, aldiz, Fermin Muguruzaren “Black is Beltza”-k emango dio, izen bereko eleberri grafikoan oinarritu den filmak.

Tartean, Samuel Fuentesen “Bajo la piel del lobo”, Joaquin Calderonen “Basque selfie”, Juanmi Gutierrezen “Baúles”, Paul Urkijo-ren “Errementari”, Antonio Diaz Huertaren “Gallo”, Txus Poyoren “Izaro”, David Rodriguez Losadaren “Lady off”, David Gonzalez Rudiezen “La noche nos lleva”, Oier Aranzabalen “Margolaria” eta hainbat egileren artean egindako “Gure oroitzapenak”, Joseba Sarrionandia poliedrikoena agerrarazten duen filma.

Euskal Zinemaren Galan, irailaren 25ean, estreinatuko da beste euskal ekoizpenetako bat: Josu Martinez bilbotarraren “Jainkoak ez dit barkatzen”, Lezo Urreiztieta XVI. mendeko pirataren inguruko filma. Gala horretan bertan jasoko du Zinemira saria Ramon Agirre antzezle donostiarrak.

“Loreak” (2014), “Amama” (2015) eta “Handia”-ren (2017) ostean, euskarazko film bat ikusi ahalko da Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo bada ere: Telmo Esnalen “Dantza”, Glocal in Progress-en lehen edizioan Industriaren Saria lortu zuen proiektua, emanaldi berezi gisa emango dute Zinemaldian. Filmak euskal dantzen sinbologia eta hipotesiak jartzen ditu kamera aurrean, eta zeregin horretarako Juan Antonio Urbeltzen ikuskera eta Koldobika Jauregiren mundu estetikoa izan ditu lagun Esnalek.

Bi lan hartuko ditu Culinary Zinema atalak. Batetik, Miguel Angel Jimenez Colmenarren “Y en cada lenteja un Dios”, Alacanteko L’Escaleta jatetxea oinarri duena, eta Aitor Bereziartuaren eta Ander Iriarteren “Bihar dok 13”, Basque Culinary Center-etik igaro diren ikasleen gaineko pelikula.

Bere aldetik, Zabaltegi-Tabakalera saria lortzeko lehian sartuko da Maddi Barber zuzendari gaztea. “592 metroz goiti” film laburrean, Itoizko urtegiak paisaiari ekarritako aldaketek inguruneari eta bertako biztanleei nola eragin dieten aztertzen du. Eta Koldo Almandozek, bere aldetik, New Directors sailean aurkeztuko du bere fikziozko lehen lan luzea, “Oreina”. Lan hau, gainera zinema komertzialean estreinatuko da irailaren 28an.

Azkenik, Perlak atalean emango da Raul de la Fuenteren eta Damian Nenowen “Another Day of Life”, Kapuscinski kazetariak 1975ean Angolan bizi izan zuena erretratatzen duen animaziozko filma.

Irizar saria

Aipatutako ia film luze guztiak sartuko dira Irizar sarirako lehian, jada beste jaialdi batean estreinatuak izan direnak kenduta (“Mudar la piel”, “Another Day of Life”, “Bajo la piel del lobo” eta “Errementari”).

Jada amaituta dauden euskal ekoizpen horiekin guztiekin batera, oraindik amaitu gabe dagoen film bat ere egongo da aurtengo Zinemaldian: Lara Izagirreren “Ane&Peio: maitasun istorio bat piper artean”, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan egongo dena.

 

Ramon Agirrek jasoko du Zinemira saria

Ramon Agirre aktore donostiarrak jasoko du Zinemaldiaren 66. edizioko Zinemira saria, euskal zinemagintzari egindako ekarpena eskertzeko ematen den saria. Aurtengo Zinemaldian, gainera, hainbatetan ikusi ahalko dugu Agirre pantaila handian, lau filmetan hartu baitu parte: Koldo Almandozen “Oreina”, Raul Urkijoren “Errementari”, Samuel Fuentesen “Bajo la piel del lobo” eta Zinemira saila itxiko duen “Black is Beltza”, Fermin Muguruzak zuzendutako filma.

Ikasketaz arkitektoa bada ere, antzerkiarekiko grinak Antzerti arte dramatikoko eskolan izena ematera eraman zuen Agirre eta geroztik ibilbide luze eta oparoa egin du, bai antzerkian eta baita zinemagintzan ere. Beste askoren artean, film hauetan parte hartu du: “27 horas” (1986), “Ander eta Yul (1988), “El día de la bestia” (1995), “Visionarios” (2001), “Aupa Etxebeste!” (2005), “Las 13 rosas” (2007), “La máquina de pintar nubes” (2009), “Arriya” (2011) edota “Handia” (2018).

Agirrek irailaren 25ean Donostiako Victoria Eugenia antzokian egingo den Euskal Zinemaren Galan jasoko du Zinemira saria eta, ostean, Josu Martinezen “Jainkoak ez dit barkatzen” pelikula estreinatuko da. A.A.