Alfontso DIEZ

«Hau da Lurreko toki zoriontsuena orain»

«Ahantzi ezazu Disneyland. Hau da Lurreko toki zoriontsuena orain». Lelo horrekin zabaldu du aste honetan BrewDog garagardotegi irlandarrak Doghouse hotel tematikoa Columbusen (Ohio), AEBetan duen lantegian bertan. 32 logela ditu, eta 162 eta 284 dolar (139 eta 244 euro) artean kostatzen da gaua han pasatzea. Minitaberna dutxan, garagardoz bete daitekeen hidromasaje bainuontzia edota upelak logelan, horiek dira eskaintzetako batzuk. Zerbitzuak ere ez dira nolanahikoak: masajeak garagarrarekin –B bitaminan oso aberatsa da–, edertasun tratamenduak legamia, lupulu eta maltarekin, garagardoa oinarri duten menuak... «Badira munduan garagardo lantegi baten alboan dauden hotelak, baina bakar batean ere ez zara esnatuko lantegiaren barruan. Gurean, bai. Nork behar du iratzargailua destilazioaren usainarekin esna zaitezkeenean? Zeure logelatik bertatik, garagardotegia ikus dezakezu lanean», adierazi du BrewDog etxeko sortzaile James Wattek. Crowdfunding kanpaina baliatu dute 300.000 euro bildu eta hotela eraiki ahal izateko.