Asier AIESTARAN

Shaun White, beste Joko batzuetan?

Ibilbide oso oparoa izan du Shaun White 32 urteko izar estatubatuarrak. Txiki-txikitatik skatean arrakasta handiz aritu ostean, azken urteetan snowboardean zentratu izan da. Agian jendeak gehien ezagutzen duen bere lorpena Neguko Olinpiar Jokoetan eskuratutakoa da, urrezko hiru domina half-pipe modalitatean, baina seguru asko bere gaitasunak ongien islatzen dituena X-Games delakoetan lortutakoa da: 15 urrezko domina guztira, horietatik bi skatean, udako eta neguko X-Games jokoetan irabaztea lortu zuen lehen kirolaria bilakatuz. Egunotan Marseillan izan da amerikarra RedBull Bowl Rippers skate lehiaketan parte hartzen, eta AFP agentziari eginiko adierazpenetan ez du ukatu Tokioko Olinpiar Jokoak buruan dituela. «Oraindik ez dut erabakia hartu. Neguko Jokoak amaitu dira niretzat, mendi bat igotzea bezalakoa izan da eta hori ongi atera zait. Baina orain beste mendi bat igotzen hasi aurretik ongi pentsatu behar dut, gogorra da fisikoki nahiz mentalki», adierazi du, erabakia datorren urtean hartuko duela gaineratuz.