GARA Euskal Herriko egunkaria

Emakumeak epaile Expogrow Kopan


Expogrow azokaren zazpigarren edizioa egingo dute datorren asteburuan Irungo Ficoban eta, urtero bezala, Expogrow Kopak garrantzi berezia hartuko du. Aurkeztutako produktuen kalitatea profesionalek beraiek neurtzen eta saritzen duten lehiaketa da, eta aurten berezitasun batekin dator: emakumeak sektore honetan egiten duen «lan garrantzitsua» nabarmentzearren, estreinakoz epaimahaia oso-osorik andrazkoez osaturik egotea erabaki du antolakuntzak. Horien artean izango dira Michka idazle eta aktibista frantses ezaguna (Mama Editions argitaletxearen sortzailea eta «cannabisaren dama handia» deitzen dutena); Mila Hansen britainiarra, Pollinator konpainiakoa eta “Hash Queen” ezizenduna; eta Noucetta Kehdi, GHE konpainia frantseseko sortzaileetako bat. Guztira, hemezortzi dira lehiara aurkeztuko diren enpresak, bost kategoriatan, eta Koparen azken gala ostiral gauean egingo dute azokagunearen kanpoaldeko karpan.

«Cannabisaren azoka baino askozaz gehiago» da Expogrow, antolatzaileen beraien esanetan, eta horren erakusgarri aurtengo zenbaki eta datu batzuk jarri dituzte mahai gainean: 181 enpresa agertuko dira Irunen («sektorearen nazioarteko eta Estatuko markarik nabarmenenak etorriko dira»), 1.200 profesionalek eman dute izena, lau pabiloietan banaturik egongo da azoka, kanpoaldean eremu zabala musika eta aisialdirako...