17 SET. 2018 ZIRIKAZAN Axola zaigunaz, zer? Josebe EGIA Seguru zuei ere gertatzen zaizuela, jende normala zaretelako, arrunta, kalekoa, langileria, oro har. Kezkatuta egongo zarete, neu bezalaxe, zergatik den hala ideia zipitzik gabe, gainera, argindarraren prezio eskandalagarriagatik, adibidez; fededunak bazinete bezala, erreguka ariko zarete udara inoiz baino gehiago luza dadin, hotza ahalik eta beranduen, apalen, hel dadin… etxean goxo samar egon ahal izateak, faktura madarikatu horrek, ez dezan hankaz gora jarri norberaren aurrekontua, susto handiegirako ez dagoena, berez. Ziur zuek ere sumatzen duzuela, herri eta hirietako errealitatean bertan bizi zaretelako, zuen eta ingurukoen eta etortzen ari direnen eta joan beharrean daudenen eta arrazoi batengatik edo bestearengatik ez daudenen kezkak eta arazoak, baita ametsak eta itxaropenak ere, ondotxo ezagutzen dituzuelako, halako erremin zakarra erraietan bertan, politikarien ikuskizun negargarriaren aurrean. Segurutik, tamalez oraindik ere gure herriko –eta, ondorioz, gure bizimoduko– kontu oso garrantzitsuen gainean erabakitzeko eta ezartzeko ahalmena duen gobernu horri begira, gero eta bortitzagoa bilakatzen ari zaizue goragalea, edo, agian, eskopeta bat hartu eta behingoz ordena jartzeko gogoa… ikusirik zelan dabiltzan hango guztiak kezkaturik batak bestearen miseria akademikoak argitara atera daitezen, telebista-kateek lagunduta haur-eskolako patioko umemokoak baino okerrago, eztabaida politikoaren maila, kalitatea, neurona bi dituen edonor lotsatzeko moduan beheratuta. Orain, informazio politiko guztia dena da master, doktoretza-tesi eta lizentzia hotsa, hotsa baino zarata, herritarrontzat inportanteena balitz bezala, gure lasaitasunaren oinarria, gure gizartea osatzen duten ertz askoren gidarien prestakuntza, betiere goi-mailako titulu horien egiazkotasuna. Ez, axola zaiguna da, titulurik izan ala ez, haien benetako ezagutzak, trebetasunak eta, batez ere eta guztiaren gainetik, ideia eta asmo politikoak, alegia, zein jendarte-motarantz eraman nahi gaituzten, gai honetan edo bestean, jendearentzako benetan garrantzitsuetan, nola jokatuko duten, ergelak bagina bezala guri hitz-erdika aritu gabe. Zeren eta, nik neuk, hainbesteko zalaparta eta salaketa eta dimisio eta prentsaurrekoren artean, ez dut ideiarik ere zer egingo duen Espainiako estatuko gobernuak errealitatean bizi garen jende normalari, arruntari, kalekoari, langileriari, oro har, axola zaizkigun kontuekin.