GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Lur Gaineko Munduko Txapelketa Hegoafrikan

Taldekako lehia gaur hasten da eta bertan dira Gaztedi, Goiherri eta Mutriku.


Gaur hasiko da Hegoafrikako Lurmutur Hirian Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa. Gaur eta bihar taldekako lehiaketaren txanda izango da, parte hartze oso garrantzitsuarekin. Ostiraletik aurrera, berriz, nazio mailako lehiaketaren txanda izango da. Eta nola ez, euskal tiralariak bertan dira, bai taldeka bai selekzio moduan lehiatzeko prest.

Gaur hiru mailatan ariko dira euskal taldeak. Talde mistoentzako 580 kiloko proban, Laukizko Gaztedik eta Erandioko Goiherrik talde bana aurkeztuko dute. 560 kiloko gizonezkoen lehian, Gaztedi, Goiherri eta Mutriku izango dira parte hartzaileen artean. Eta emakumezkoen 500 kilokoan Gaztedi eta Goiherri izango dira euskal ordezkariak.

Bihar beste bi mailatan banatuko dira dominak. Gizonezkoen 640 kilokoan ere Hegoafrikara joan diren hiru euskal taldeek aurkeztuko dute hautagaitza. Emakumezkoen 540 kilokoan, berriz, Gaztedi eta Goiherri arituko dira borrokan.

Pisaketak amaitu arte parte hartzaile guztien izenak zehatz jakiten ez diren arren –Mutrikuk arazoak izan zituen, esaterako, botak errebisatzeko garaian–, mistoan dominaren bat lortzeko aukerak badaudela dirudi. Beste mailetan ere dominen borrokara arrimatzea ongi legoke, selekzio mailan aurkari oso indartsuak izango baitituzte sokaren bestaldean.

Euskal Herria, maila guztietan

Ostiralean eta larunbatean selekzioen txanda izango da, eta hor taldekako txapelketan baino maila askoz altuagoa izaten da. Euskal Herriak kategoria guztietan eman du izena, 720koan ere bai, baina pisu astunegiak izaten dira gure tiralarientzat –probatzea beti ongi etortzen den arren–.

Selekzioaren oinarria Euskal Herrian txapeldun izan diren taldeek osatzen dute, eta tiralari bakarren batzuk dira beste talde batzuetatik hartuak. Zazpi mailatan ariko dira: gizonezkoen 560, 640, 680, 720 kilotan; emakumezkoen 500 eta 540 kilotan; eta 580 kiloko mistoan. Beti bezala, talde indartsuak Alemania, Ingalaterra, Holanda eta Suitza izango dira, eta dominaz ongi hornituko dira asteburuan.

Ostiralean gizonezkoen 680, 560 eta 720 kiloko lehiaketak, emakumezkoen 500 kilokoa, eta 580 kiloko mistoa erabakiko dira. Eta larunbatean, azken egunean, gizonezkoen 720 eta 640 kilokoak eta emakumezkoen 540 kilokoa. Nazio mailan dominaren bat irabaztea oso zaila izango da, baina ez da esperantza galdu behar.