25 SET. 2018 GUTUNAK Borondateak eta laguntzak JONPA ALBISU Donostia Intza 2018ko uztailaren 15ean jaio da. Aita Murtzian dute. Euskal preso politikoa da, zortzi urte daramatza preso. Aitak alabatxo jaio berria ikusteko baimena eskatu du. Bi hilabete pasa dira eta epaileak baimena eman du, presoa etxera eramateko, alaba ezagutu dezan. Aitaren anaia zaharrena oso gaixorik dago eta hura bisitatzeko baimena ere, eskatua du. Ez dute baimenik eman. Iritsi da bisita eguna, ama urduri dago. Intzak ez daki, baina aitatxo ezagutuko du. Abisua pasa dio Ertzaintzak amari: «Arratsaldean eramango dugu etxera, ordubeteko bisita onartzen zaio eta etxe horretan bizi direnak soil-soilik egon daitezke bisitan (kasu honetan, ama eta amona). Jende multzorik edo ikusten baldin badugu, bisita bertan behera geldituko da eta zu izango zara erantzule». Hilzorian dagoen anaia zaharrenak ez du bisitan parte hartzeko aukerarik izango. Bisita ondo joan da, urduri, baina ondo. Anaiarekin kezka dute. Ohean dago, azken arnasa hartu nahi du, baina anaia ikusteko irrikaz dago. Intzarekin egoteko aukera izan du azken bi hilabetean, jolasten, mintzatzen… Bukatu da bisita, dispositibo neurrigabea bertan behera gelditu da eta Zaballara eraman dute. Igandea da eta anaia nagusiak, dena eman du. Ez du anaia berriz ikusiko. Astearte goizaldean eman du azken hatsa. Epaileak, berandu, gorpuari azken agurra emateko baimena eman du. Arratsean erraustu behar dute gorpua eta ordubete lehenago, azken agurra ematera eraman dute presoa etxera. Bukatu da. Zaballara bueltan, anaiaren heriotzaren tristura eta Intza ikusi eta sentitzearen zirrara. Ez. Ez da bukatu, ostiralean aitatxo hartu eta Murtziara daramate, ez dakite noiz helduko den. Igandean, aitatxoren urtebetetzea da. Ez du bisitarik izango, inork ez dakielako zein presondegitara eraman duten. Kontatutakoa 2018ko irailean gertatu da, edozein euskal preso politikori gerta dakiokeena, ez baita kasu bakarra. Hau da, euskal preso politikoekiko, Espainiako Gobernuak duen jarrera eta borondate berria, Ertzaintzaren laguntzarekin. Muxu handi bana senitarteko guztiei eta batez ere zuri, Xabi. Irabaziko dugu!