Azkoitian ere animalien tratu txarren aurka!
Irailaren 28an, 29an eta 30ean Azkoitian Zezen Asteburua ospatzekoak dira, eta beste ekintza batzuen artean sokamuturrarekin eta entzierro txikiarekin bete dute egitaraua.
Albiste honen berri jakitean, hainbat herritar harrituta geratu gara. Nola da posible XXI. mendean, beste leku askotan zezen festei mugak ipini eta sufrimendua oinarri duten hainbat ospakizun debekatuak izan diren bitartean, Azkoitian orain hastea horrelako festa deitoragarriak (tamalgarriak-negargarriak-lotsagarriak) antolatzen.
Azkoitiko sokamuturraren 500. urteurrena ospatzera omen datoz, bertan zezenen tradizioa aspaldikoa dela eta. Gure ustez, gaur egungo gizartean ez dute lekurik horrelako ikuskizunek. Tradizioak tradizio, ez dugu zilegitzat jotzen pertsonen dibertimendu hutserako animaliei tratu txarrak ematea. Gizarte aurrerakoia bagara, nola justifika daitezke orduan funtsezko eskubideak urratzen dituzten ohiturak? Animalien sufrimendua behar al dugu dibertitzeko?
Eta hori ez da guztia, Azkoitiko Udalak horrelako ekitaldiak debekatu, edo gutxienez trabak ipini beharrean, guztion diruz lagundu eta bultzatzen ditu, esaterako urtero ospatzen diren idi-demak. Beste kontu bat; ikuskizun hauek baldintza batzuk bete behar izaten dituzte legalki ospatuko badira, eta Zezen Asteburua antolatu dutenen kasuan badugu herritarrek jakin behar duten albiste bat. Dirudienez, sokamuturra eta entzierroak egiteko, antolatzaileek beren agiriak aurkeztu behar dituzte Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren eskumen organoetan, beti ere ospatu baino 10 egun baliodun lehenago. Jakin dugunez, oraingoan ez da horrela izan, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak oraingoz baimena emanda eduki.
Honekin zer esan nahi dugu? Eskaera epez kanpo egitean, Udalak berak ere badakiela araudia ez duela osorik bete, eta, hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzaren sasi-baimenarekin aurrera doala asteburuko «festarekin». Hortik aurrera bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.
Bukatzeko, animaliei errespetua zor diegu, errespeta ditzagun. Egin dezagun denok animalien alde borroka, izan gaitezen beraien ahotsa.