Amalur Artola
Kazetaria
IKUSMIRA

SSIFF, Zurriolako talaiatik

Nondik begiratzen den, hala ikusten da mundua. Aitortzen dut erretinara SSIFF siglak iristen zaizkidan aldiro sortzen zaidan tripako minaz idazteko tentazioa izan dudala hasieran, Mostra edota Berlinaleren aldean Zinemaldiak bere izaera marka galtzeak bai baitu berea. Are gehiago, izenaren aldaerak marka berri baten nazioartekotzea helburu duela jakinda eta horretan ere ez dela asmatu ikusita (izen bereko bi zine jaialdi egotea, hori bai marka).

Baina GARA eta NAIZeko lantalde batek Zurriolako talaiatik irentsi dugu aurten Zinemaldia, eta bestelako arnasa bat eman digu horrek. Joan-etorrietan irabazi dugun denbora izan genuen hizpide lehen egunetan, baina segituan ohartu ginen gertatzen ari den zerbaiten erdigunean egoteak dituen bertuteez: etxe barruraino sartu zaizkigu zaleen oihuak, gertutik jarraitu ditugu K1erako ilarak, grabazio estudioan jaso ditugu hainbat zinegile eta aktore eta bazkideak ere etorri zaizkigu, sarrerak jasotzeaz gainera, egunero irakurtzen dituzten lerroen atzean daudenei aurpegia jarri eta kafetxo bat hartzera.

Eta horrek guztiak SSIFF Zinemaldia bilakatu du berriz ere nire begien aurrean: Lezorekin gure historia zein ezezaguna zaigun erakutsi digu Martinezek, Itoizko urtegiaren mira berrian jarri gaitu Barberrek, gure periferietara eraman gaitu Almandozek eta munduan barrena Muguruzak, hamabi zinegile bildu dira Sarriren unibertso poetikoa irudiz hornitzeko eta zer esan “Dantza”-z: hiru jeinu lanpara berean kabitzen direnean magia soilik erna daiteke. Ba hori. Gaur amaituko dela SSIFF, baina Zinemaldiak emandakoak utziko du bere arrastoa.