Kriminalaz
Kriminalaren buruan» edo antzeko izenburua zuen telesaio bat ikusi berri dut, horrela, tonto-tonto. Badakizue, serial killer-ak, sektetako buruzagiak, jite orotako mafiosoak, bortxatzaileak, torturatzaileak (erakundez kanpokoak, noski), hiltzaileak… ero-kuadrilla izugarria, denak lupapean. Kapitulutik kapitulura, galdera bat airean: kriminala jaio egiten da edo gero egiten da? Horixe telesaioko polizien, ikertzaileen, psikologoen eta abarren eztabaida, indarkeriaren jatorria, funtsa, argitu eta ezarri nahian. Azken kapitulura iritsita, harrituta neu, nolatan horietako inork ez duen nabarmendu denak, kriminal odoltsu eta, tamalez, ospetsuak, gizonezkoak direla, salbuespenik gabe, eta ia salbuespenik gabe, emakumezkoak haien desira-objektuak, biktimak.
Gizonezkoa jaiotzen da biolentoa, eta emakumezkoa, ordea, bakezalea? Zerbait dago gaizki, egotekotan, lehenengoen burmuinean, eta sekula ez halakorik bigarrengoengan? Biologia kontu hutsa da batzuek astintzeko grina berez izatea eta besteek astindua aguantatzeko barrena gehiago edo gutxiago garatua? Eta tokatu zaigun ingurunea, haurtzaroa, bizitza… berezko indarkeriaren detonagailua da, besterik ez? Nik dakidan arte, emakumezkoek ere izaten dituzte haurtzaro latz penagarriak, nerabezaro bortitzak, jipoiak eta abusuak gaztetan, baina gerora eskuak odolez blai izateko beharra, beste sexukoak menderatzeko, zapaltzeko, behartzeko eta ahalik eta gogorren mintzeko desira eta jokabide sistematikorik ez dago, ez hemen ez munduko beste inongo tokitan. Genero-indarkeriaren ekuazioa bat eta bakarra da, elementuak ez dira aldagarriak, ez dira sekula alderantzikatzen. Nabarmendu beharra dago.
Kriminala jaio egin litekeela, eta ezer gutxi egin daitekeela uneren batean haren biolentzia aska dadin ekiditeko, gertu harrapa ez zaitzan saiatu, asko jota; benetan ez dela mundu oso baten ikuskera, harremanen gainekoa, besteren bizkarretik boterea (mota askotakoa) lortzeko beharrean oinarrituriko filosofia sozial ezarria, etenik gabe transmititua; ideia bi horiek, bata besteari kateatuta, zientzia bidez egia aldaezin gisa frogatu nahiak, horretan jarrita pertsona asko eta asko daudela jakiteak, paniko hutsa eragiten dit, eragin behar digu denoi, gauza bakarra dakarrelako berarekin: geure eta geuk osatzen ditugun jendarte-moten erantzukizun oro gainetik kentzea, eta, emakumeok bereziki, inguruko gizonak kriminal jaio ez daitezen otoitz egitea. Zorionez, ibilbide eskasa ikusten diot nik teoria horri, are gutxiago guk besoak gurutzatu eta jarrera hori garatzeari.