GARA
IRUÑEA

MugMus Laborategiaren keinua, Oteizaren lanari begira

Donostia 2016ren babespean sortu zen MugMus Laborategia dantza konpainiak Jorge Oteizaren imajinarioa taularatuko du artistaren jaiotzaren 110. urteurrenean. Musikari eta dantzari ugariren laguntzarekin kaleko ikuskizun bat sortu zuten lehendabizi. Orain, berriz, antzokirako bertsioa aurkeztuko dute Iruñean, ondoren Oriora eramango dutena.

Euskarazko adierazpen artistiko garaikideen erakustaldia den Iruñeko Garaikide zikloak aurrera egingo du gaur, MugMus Laborategia dantza konpainiak eskainiko duen lanarekin. Hain zuzen ere, Jorge Oteiza eskultorearen lanean oinarritutako “Esku harriak: Oteizaren (h)aria” ikuskizuna aurkeztuko dute; hasiera batean kale-emanaldi formaturako prestatu eta gero, orain agertokira moldatutako bertsio berri bat dakarte. Kaleko emanaldiak 25 minutu irauten dituen bitartean, antzokikoa 55 minutura arte luzatu dute.

Dantza, zuzeneko musika, eskultura eta bertsolaritza uztartzen dituen lanak Oteizak bere bizitzan zehar landutako imajinarioari errepasoa egiten dio. Eskultoreak 110 urte beteko lituzke aurten, eta ideia hori ardatz artuta, dantza garaikideko konpainiak bere bizitza artistikoko osagaiak nahastu eta gogora ekartzeko intentzioa izan du. Hala, emanaldian antzeman ahal izango dira crolemch edo harrespila, hitza eta espazioaren erabilera, bertsolaritza, txalaparta edota Ez Dok Amairu bezalako elementuak.

Oteizaren inguruko lana gaur estreinatuko da Iruñeko Mendillorri auzoko Civivoxean (20:00, 6 euro), eta hurrengo emanaldia hilaren 23an izango da Orion, eskultorearen jaiotzaren 110. urteurrenean. Iruñeko Garaikide zikloari dagokionez, urriaren 28ra arte luzatuko da. Bertan dantza, antzerki, musika eta dokumentalgintza garaikideko emanaldi desberdinak ikusi ahal izango dira.

Askotariko kolaborazioak

MugMus Laborategiak ibilbide artistiko eta pedagogikoa urratzeari ekin zion 2015eko neguan Beñat Ralla Yustaren ekimenez, eta ordutik lantalde sendoa osatu du. Genevako Dalcroze Erritmika ikasketen baitan ondutako “De la pierre le peuple – Harritik herria” 10 minutuko lana abiapuntutzat harturik, Oteizari eskainitako ikuskizuna lantzen hasi zen konpainia Donostia 2016 kultur hiriburutzaren Mugalariak 2.0 sormen laguntzetako bati esker.

Konpainiaren helburu nagusia arte-bizien eremuan mugimendua, musika eta antzezpena uztartzea da, betiere beste arte diziplinekin elkarlanean. Hala, musika eta mugimendua uztartuz edota horietako bakoitza berezirik proposamen pedagogikoak aurrera eramatea ere badu helburu.

“Esku harriak” lana aurrera ateratzeko laguntza ugari izan ditu dantza konpainiak. Esaterako, Amets Arzallusek bere ahotsa jarri du grabatutako bertsoetan. Jone Amezaga eta Ioritz Galarrada dantzariekin eta Iñar Sastre musikariarekin ere aritu dira elkarlanean ikuskizuna dotoreki osatzeko.

Ikuskizunaren aurkezpenean azaldu bezala, Jone Amezaga ballet klasiko eta neoklasikoan zein dantza garaikidean zaildutako dantzari gaztea da. «Dantzaz Konpainiarekin aritu da hainbat ikuskizunetan. Mugimenduen artean aitzindaria den nazioarteko plataforma horrekin emanaldiak eskaini ditu Estatu espainolean, Estatu frantsesean, Italian, Alemanian, Polonian, Danimarkan, Txekiar Errepublikan, Suitzan eta Aljerian, besteak beste». Ioritz Galarraga, berriz, «txiki-txikitatik murgildu zen dantzaren munduan», Oinkari taldean. Europa osoan aritu da bai konpainia horrekin bai Korrontzi folk talde bizkaitarrarekin. Egun, Dantzaz Konpainiako kidea da.

Bestalde, Iñar Sastre pianoan lizentziaduna da, Musikenen. Inprobisazioan eta jazzean prestatu da, Parisko Conservatoire National Superieur de Musique et de Danse kontserbatorioan. Musika klasikoko ikasketak piano eta jazz ikasketekin osatu ditu. Zuzeneko piano-jotzaile gisa aritu da zinema mutuko Parisko areto batean, eta Donostiako Tabakalerako piano-jotzaile finkoa da. Bakarlari gisa hiru disko argitaratu ditu dagoeneko, eta musika konposatu du dokumentaletarako, telebistarako eta dantza ikuskizunetarako.

Azkenik, Eneko Balerdi mugimendu-aholkulari lanetan aritu da. Balerdik Dantza Garaikideko eta Eszena Zuzendaritzako ikasketak egin ditu Londresen. Hainbat koreografia eta dantza-lan egin ditu bai Huezin bai Organik konpainian. Besteak beste, “Ahariak” eta “Txapeldun” ikuskizunetan parte hartu du Kepa Junkera trikitilariarekin.