Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

2017ko urriko gertaeraren oihartzuna

Iazko urriaren 1ean Katalunian izugarrizko gertaera politikoa izan zen, milaka eta milaka lagunek beren gorputzak arriskuan jarri zituztelako kontsulta demokratikoa egin ahal izateko errepresio jazarpen erraldoiaren aurrean. Aspaldi Europan ikusi den herri mobilizazio handi eta garrantzitsuena izan zen, bai bozketaren antolakuntza sasi-klandestinoan zein gauzatzean, ahalegin handion xedea herriak erabaki ahal izatea zelarik, hau da, goitik behera inposatutakoari aurre egitea. Horren guztiaren ahalmen subertsibo-eraldatzailea ikusten ez duenak nekez izanen du errealitatearen irakurketa kritiko emankorrik egiterik, ikuspegi kritiko bera zikiratuta baitauka, berak jakinen duen arrazoiengatik.

Gure garaiko eragile askatzaileen erronka handienetakoa da haustura eta matxinada bideak irekitzea, zaharkitutako eskema itxiak alde batera utzita. Erabakitzeko grinak, gaur egungo munduaren joera nagusiekiko haserreaz gain, bestelako jendarte baten gogoa ere islatzen du, noiz eta eskuinak egonezina kudeatzeko alimaleko gaitasuna erakusten duenean.

Matxinada demokratiko zabal baten mugarria izan zen, ene ustetan, urriaren 1ekoa. Gure garaiko iraultza demokratiko aurreratuenaren giltzetako bat izan zitekeena, baina izan ez zena, halako testu laburrean sartzen ez diren arrazoiak direla eta.

Iraultzak, halakoak ere, prozesu luze eta konplexuak dira, eskuliburuen gainetik gauzatzen edota lehertzen direnak. Ulergarria da, beraz, zer gertatuko den argi ez ikustea, ezta mugimendu independentistaren barnean ere. Baina urtebete pasata, gogoetarako funtsa hor dugu, erabat bizirik: posible da Europan XXI. mendean izugarrizko herri mobilizazio demokratiko bat egitea. Iraultza demokratiko eraldatzaile bilakatzea ez dago aurretik ziurtatuta, baina joko aukerak hor daude, anartean Europan halakorik nekez ikusten delarik. Bada bidea, beraz, geure herriaren borroka luzeak ere adierazten duenez.