Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Arlo guztietan

Lagun bat Suitzara joan zen, unibertsitateko ikasketak bukatutakoan bere prestakuntza profesionalarekin jarraitzera. Oso goi-mailako ikastetxe hartan, pasabideak Nobel saria irabazitako pertsonen argazkiz josita egon arren, eta horrexegatik ere bai, ahalmentsu sentitzen omen zen, inolako gutxiagotasun-konplexurik gabe. Oso seguru zegoen bere gaitasunaz, eta bazekien muga edo oztopo bakarra, izatekotan, bere burua izango zuela, baina ez inongo kanpo-faktorerik. Nik neure kolkorako pentsatzen nuen berdin sentituko ote zen, nobeldun haien guztien aurrean, emakumea izan balitz; bere ahalmena sekula kolokan jarri barik ere, berdin sentituko ote zuen, hain benetako, aukera-berdintasun hura, hormetan soilik bi andrazkoren irudi ikusirik. Bi, ehunka gizonen artean.

Aurten Donna Strickland zientzialariak lortu du sari prestigiotsua, Fisikakoa, eta bere lan eta lorpenen berri izateko ez ezik, abagune ezin hobe eta beharrezkoa da emakumeon jarduna eta tokia aldarrikatzeko ere, historian gertatu izan denari genero-ikuspegitik begiratuta. Alegia, egungo jendarteak aho batez onartzeko eta zabaltzeko emakumeak beti egon direla pentsalari, zientzialari, artista, kirolari, asmatzaileak… eta egon ez dena, edo, hobe esanda, sistematikoki ukatu dena, aukera izan dela, are gutxiago sustapena eta aitortza. Horregatik, mota orotako jardunetan etxean hautsa lez alfonbra azpian gorde izan diren emakume guztien izen-abizen eta lorpenak denon mahai gainera ekartzeko ekimen oro –zorionez, gero eta gehiago– aberasgarria dugu denok, eta nahitaezkoa datozen belaunaldiek, ez dezaten benetan sinets ez mutikoek ez neskatilek arlo jakin batzuetan emakume adimentsu bikainak salbuespena direla, ez dezaten segitu barneratzen ez batzuek ez besteek zenbait gauza gizonezkoentzat direla eta beste batzuk andrazkoontzat, eta kito, berezko gaitasunak edo tarteko.

Berriki, Ana Carrasco, 21 urterekin, gizonezko parte-hartzaile guztiei gailendu zaie Munduko Motoziklismo Txapelketa batean, ia kirol guztiak bezala erabat maskulinizatuan. Berak, ordea, argi utzi nahi izan du ez dagoela zertan gizonak imitatu maite duzun horretan aritzeko, eta nork bere motorra, bere bizitza, nola gidatu norbere erabakia dela. «Ride like a girl» (Pilotatu nesken erara) zeraman kamisetan lasterketa-egunean, eta harro erakutsi zuen garaikurra eskuan eta irribarre zabala ezpainetan. Hori da bidea.