Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Harroaren urduritasuna

Atzo zortzi Southavenen Trumpek egin zuen agerraldi antologikotik (pertsonaia bere osotasunean ikusi ahal izan zelako, antologikoa), Brett Kavanaugh epailearen inguruan esandakoa jaso zuten AEBetako hedabideek, eta, ondorioz, baita munduko gehienek ere. Batez ere, haren salatzailea den Christine Ford andrearen aurkako txantxa makur eta doilorra. Albiste zen, bai; baina harrigarria egiten ote zaio jada hori inori?

Bene-benetako albistea, ordea, ia oharkabean igaro zen... ezinbestez ohartu behar zutenentzat salbu. Parrastada berberean bota baitzuen: «Maite dut nik Salman erregea, baina esaten diot: ‘Aizu errege, gu gabe ezingo zenuke hor egon bi astez ere. Ordaindu egin behar duzu zeure indar armatuengatik, ordaindu egin behar duzu’».

Hiruzpalau egun behar izan dituzte interpelatuek erreakzionatzeko. Noski, Saudi Arabiako Salman erregeak ez du ezer esan, ez dago ezertarako eta; zalantzagarria da hitz egiteko ere gai ote den jada, ajeen ajeez. Bere seme oinordekoa, MBS, atera da azkenik, oso hitz neurtuekin Trumpi gaztigua helaraztera: erosten duen guztia ordaindu egiten omen du Saudi Arabiak... Hau da, litekeena dela erosteari uztea. Baina AEBak ez dira Espainia; eta Trump ez da Sanchez edo Robles. Kaltea, nolanahi ere, eginda geratzen da. Saudi Arabiaren aita ponteko nagusiak azkenetan ikusten du Saud etxearen adar hori behintzat. Trump ez baita bere asmazioz ari. Ekialde Hurbil osoak eta gainerako potentziek jaso dute oharra, ziur.

Gertakariaren esplikazioa, ordea, beste orrialde batzuetan argitaratzen da. Petrolioaren prezioa etengabe ari da igotzen 2017ko udaz geroztik. 2016ko urtarrileko minimoak hirukoiztu egiten ditu jada. Oraindik urruti samar geratzen dira hamarkada honen hasierako maximoak; baina bagoaz bidean. Jakina, zerikusi zuzena du horretan Saudi Arabiak, Yemengo gerrak... Gero eta apustu arriskutsuagoak egin behar ditu Saud etxeak zutik irauteko. Munduko ekonomia handienak dantzan jarri behar badira ere.

Horrek asko urduritzen du Trump administrazioa. Eta harroaren urduritasuna, gehienetan, erasokorra izan ohi da.