Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Uber Donostia eta Bilbora

Jakina da Uber multinazionalak bere zerbitzuak munduan zehar zabaltzen jarraitu nahi duela. Estatu espainolean Madril eta Bartzelonan hasi zen (beste 6 hiritara zabaldu zen udan). Frantziar Estatuan zabalpen handiagoa du. Turismoari oso lotuta dauden hiriak dira batik bat. Eta aste honetako berria da Donostia eta Bilbora ere iritsi nahi duela. Bi udalei elkarlanerako deia eta bilera baterako gonbita helarazi omen die gutun bidez. Zehazki, Uber-en asmoa bere UberX zerbitzua eskaintzea da; hau da, Gidaridun Turismo Ibilgailuaren lizentzia duten gidari profesionalekin egin nahi du lan (gaztelaniazko izenarekin egin da ezaguna: VTC lizentzia). Uber-ek gidari hauei bere teknologia eskaini nahi die, Uber app-a gidari horien eta bezeroen arteko bitartekari bilakatu asmoz.

Jakina da ere Uber-ek (eta Cabify-k, besteak beste), taxien sektorea sumintzen dutela. Taxilariek lehia desleiala argudiatzen dute, eurek bete behar dituzten baldintzetatik urrun daudelako GTI lizentziadunenak. Eta hortaz, GTI lizentzia dutenek prezioaren eta eskaintzaren gainean erabakiak hartzeko marjina handiagoa dute.

Taxilariek urteak daramatzate lehiakideak kalean nola hazten ari diren ikusten. Eta uda honetako mobilizazioak sektorea hankaz gora jarri den seinale garbia dira. Euren suminduraren jatorria ratioetan eta baldintzetan dagoen ezberdintasunean jartzen duten une berean, pentsatu nahi dut, pertsonak garraiatzeko eta garraio-zerbitzua ulertzeko modu bat baino gehiago egon daitezkeela ere ikusi dutela.

Horrexegatik, hain zuzen, sektorearen oreka osasuntsua helburu gisa jarrita, administrazio lokalek taxien sektorea ingurune digitalera egokitzeko sakoneko eztabaida partekatua bultzatu beharko luketela iruditzen zait. Kontua ez baita, nire ustez, taxien sektorea bere horretan mantentzeko neurriak hartzea, taxien sektoreari eraldatzeko erraztasunak eta baliabideak eskaintzea baizik (herri mailako app bat, agian). Funtsean, oreka, ratioez eta baldintzez harago, zerbitzuaren erakargarritasunean ere bermatu behar delako.