GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Altxorra Madalenaitzen: estutzeko prest al zaude?

Sakanako mendiaren ipar horman zazpi bide zabaldu dituzte. Hainbat luzetako proposamenok zailtasunean iraunkorrak dira.


Aralarko San Migeletik Uharte Arakilera doan bideak ezusteko ederra eskainiko dio edozein eskalatzaileri. Ibilbide horretako une jakin batean, Madalen edo Madalenaitz mendiarekin (859 metro) egingo du topo. Agian, horrela esanda gauza argirik ez dugu esango. Baina jaitsiera horretan mendiaren ipar aurpegian zizelkatutako horma ikusterakoan, guztia argituko da.

Pareta luze eta laiotza da. Leuna eta erori pixka bat duena. Eta, zalantzarik gabe, frontoi erraldoi baten gisan irudikatuko duguna. Makina bat eskalatzailek Madalenaitzeko ipar horma horren deia jaso du, eta ez da harritzekoa. Baina haren oinarrira hurbildu eta pareta erakargarri hori aztertu ondoren, horietako batzuek (edo askok) buelta erdia ematea erabakitzen dute. Hormaren ezaugarriak bertatik bertara ikusita, izan ere, frontoi horretan bideak sortzeko balizko grina bat-batean itzaltzen baitzaie askori.

Zorionez ala zoritxarrez, Madalenaitzen altxor “sekretu” horren ateak orain dela gutxira arte zabaldu gabe egon dira. Bai, duela zazpi urtera arte pareta horrek ez zuen biderik ezagutu. Gaur, ordea, zazpi ditu. Eskalatzaile belaunaldi batzuek beste batzuei lekukoa pasa zieten, eta azken horiek ondo baino hobeto aprobetxatu dute ipar horma horri bizitza emateko.

Lehen ausartak Jose Zabalza eta Eneko Cesar iruindarrak izan ziren. 2011. urtean, “Infernuko bidea” zabaldu zuten; goitik zabaldu ere. Hain zuzen ere, hiru luzeko marra gogorra: 7a+, 8a+ eta 7c+. Era horretan Madalenaitzen ipar hormaren aroa hasi zen; era askekoa, alegia. Izan dira tartean bide bat zabaltzen hasi eta bukatu gabe utzi dutenak, edo xede bat biribiltzeko asmoarekin ibili direnak. Baina horiek ezerezean geratu dira.

Aurreratu dugun bezala, sokada iruindarrak lehen urratsa egin ondoren, beste sei proposamen iritsi ziren. Bitxia bada ere, goraldi hori hiru urte geroago iritsi zen; hain zuzen ere, 2014. urtean. Iker Artolak “Sabbia di pekkora” (7c+ eta 8a+; beste bi luzeak kateatu gabe) zabaldu zuen, Ander Leizak “Noralei” (7a, 7c, 7c+, 8a) eta Lander Larrañagak “Paulina Juarez” (7b+, 7c+, 7a+, 7c+). “Infernuko bidea” bezala, azken horiek ere goitik zabaldu zituzten.

Madalenaitzeko ipar horman ireki diren beste hiru bideak Mikel Ajuriarenak dira: “Amatxo” (7b+, 8a+, 7a+, 7b+, 7c, 7a+), “Aitatxo” (7c+, 7c+, 7c+, 8a, 7b+) eta “Kuku kantu zu beti gertu” (7b+, 7c+, 7c+, 7b, 7b). Azken hori orain dela hiru aste sortua edo bukatua. Eta Ajuriarenak azkenerako utzi ditugu honako eitearengatik: beste lau bideak ez bezala, aipatu ditugun azken hirurak behetik zabaldu dira. Beraz, iruditzen zaigu zabaltzeko orduan erabili den estiloa azpimarratzeko modukoa dela. Horrekin ez dira besteak gutxiesten, baina, kontuan izanda zer zailtasun duten, aipamen berezia merezi dute.

Hain zuzen ere, azken protagonista, Ajuria, aurkezpen lanetan jarri dugu. Hiru bide zabaltzeaz gain, Madalenaitzeko ipar hormaren erakusleihoaren nondik norakoak azalduko dizkigu. Aipatu dugu era askearen garaia duela zazpi urte abiatu zela Madelanaitzen “Infernuko bidea”-rekin. Eta marra horren egileek eskalatzaile zein ekipatzaile hau animatu zuten sormen lanean buru-belarri jarduteko: «Jose eta Enekok esan ziguten ipar horma horrek aukera ederrak eskaintzen zituela. Eta haien lana ikusita, nire kasuan ‘Amatxo’ sortzen hasi nintzen. Ondoren, ‘Aitaxo’ iritsi zen. Eta ‘Kuku kantu zu beti gertu’ bukatu berri dut. Ekipatzaile zein eskalatzaile batentzat pareta hori ikaragarria da. Ni beti izaera horretako horma baten atzetik ibili naiz. Eta konturatzen zara horren bila ez zarela urruti joan behar, etxean bertan dugu! Gainera, luze zailak zein gogorrak eskaintzen ditu. Hori bai, ‘katxarreatzeko’ lekurik ez dago; bederen, pareta nagusian. Bide plakeroak, teknikoak, txorrerak baditu, topera estutu behar da… Zer gehiago eska daiteke?».

Zailtasun iraunkorra

Beste ekipatzaileek bezala, Ajuriak ere lan bikaina egin du, baina haren kasuan bideak zabaltzeko lan hori hiru aldiz biderkatu behar izan du. Eta denak azpitik hasita: «Lan eskerga behar izan dut egin. Eta saiatu naiz dena ongi egiten. Horretarako denbora asko pasa behar duzu. Badakizu zer den behetik irekitzen hastea: erregeleta edo helduleku bat hartu, zikina badago garbitu, gakoa ipini, zulagailua martxan jarri, balizko erorikoak (batzuk-batzuk izan nituen), bilgune erosoak bilatu… Nik garrantzi handia ematen diot nola ekipatzen den horri. Gainera, pareta horrek kristoren giroa du. Bideok zabaltzeko orduan dena eman dut; pentsa, kideek esaten zidaten erotuta nengoela. Estilo horretan ia inork ez du bide bat sortu nahi. Eta denok dakigu zergatik. ‘Amatxo’-ren kasuan bigarren txapak goitik zintzilikatuta jarri nituen».

Eta urrutitik ez badirudi ere, arrokaren kalitatea, oro har, ona da; eta ipar horma bati buruz hitz egiten ari gara. Gai hau gehiago zehazteko, esan behar dugu bi zati ezberdin dituela. Paretaren lehen luzeetan arroka ez da hain txarra; ona ere ez. Baina erdiko zatia kalitate handikoa da. Horrek guztiak, jakina, ekipatzerakoan zein eskalatzerakoan giro ezberdinak sortzen ditu.

Bestalde, inork ez du ukatzen luzeotan aipatu ditugun zailtasunak gogorrak direla. Are gehiago esan dezakegu: zailtasunean iraunkorrak dira. Ajuriak berak ere ez du hori ezkutatzen: «Madalenaitzera gogo izugarriarekin joan behar duzu eskalatzera; bestela, ez duzu ezer egingo. Horrekin esan nahi dut lehen bisitan agian zaplaztekoa jaso dezakezula. Baina bide horiek probatu dituztenak gustura geratu dira; beno, flipatzen dute. Beste era batera esanda, pilak oso ondo kargatuta eraman behar dituzu. Gertatu zait lagun indartsu batekin ‘Amatxo’-ra joan eta bosgarren luzean pausu bat bera ere egin gabe geratu izana. Bideok erresistentzia handia izatea eta oso sasoiko egotea eskatzen dizute. Uste dut graduak ondo jarrita daudela, ez goitik ezta behetik ere. Estutzea besterik ez da falta».

Azkenik, Madalentzaitzeko ipar horma eskalatu zein ekipatu nahi dutenentzat Ajuriak beste bi aipamen egin nahi izan ditu: «Batetik, gogoratu behar da hegaztien presentziagatik maiatzetik irailera bitartean eskalada eta ekipatzea araututa daudela. Eta bestetik, ekipatzen hasten denari eskatuko nioke xedea hasi eta buka dezala. Eta, jakina, bidea ondo utz dezala».