03 NOV. 2018 HELDUEN LITERATURA Fantasiarako igarobidean Iratxe ESPARZA Iban Zalduak argitaratutako azken ipuin liburuko 33 narrazioek fikzioaren espazioan eta denboran sartzeko gonbita egiten digute; orokortasunetik has gaitezen. Ipuin-sorta hiru ardatzek sailkatzen dute: batetik, errealitatean oinarritutako fikziozko ipuinak daude; bigarrenik, zientzia fikzioan barneratzen direnak; eta, hirugarrenik, iradokitzen dutenak. Azken hauek parte-hartzea eskatzen dute, interpretazioaren ariketa aktiboa, amaiera posible bat bilatzea eta, aldi berean, irakurlearen ahalmenaren pean uzten dute fikziotik fantasiara zeharkatzen duen muga gurutzatu nahi duen edo ez. Horren adibide garbia da “Dena” minifikzioa, liburuan zehar topatuko dugun hari nagusien kapsula konprimatua: senideen arteko harremana, ETAren inguruko tramak eta errealitate eta fantasiarekiko lotura estua. Izan ere, liburua ireki eta ixten duten aipamenek sorkuntza literarioan “egia” eta “fikzioa” tenka batean bizi direla adierazteaz gain, Zalduak zeren alde egingo duen jakinaren gainean jartzen gaituzte. Errealitatean oinarritutako fikzioen, iradokitzaileen eta fantasiatik sortutakoen arteko sailkapena eginda, jo dezagun behin eta berriro errepikatzen diren gaietara: euskal gatazkak gizartean eraikitako zatiketa dikotomikoa eta familiaren erdigunean dauden liskarrak, desleialtasunak eta gogaitzeak. Egia esan, errealitatetik abiatzeak edo fantasia iturria izateak ez dute baldintzatzen ipuinen oinarrian garatzen diren helburuetako bi, historia abiapuntua izatea eta, Zalduaren lanetan ohikoa denez, denborazkotasun ezberdinetan zehar memoria bidezko bidaiak egitea. Ironia eta historia uztartu behar ditugu, narrazio gehienetan kutsu ironikoa gailentzen delako eta gatazka kolektibotik eraiki daitekeen erradiografia soziala egungo gizarteko bestelako kezka eta egonezinekin –bortxaketak, alokairuko sabela, errefuxiatuak edo ekologia– nahasten delako. Historia kontatzeko krisiaren aurrean, Zalduak historia bera desitxuratzen du iragana narratibizatuz: istorioa historian kokatzeak gertatutakoa beste ikuspuntu batetik berrikusi eta parodiatzea bermatzen du: hangoa ekarri, aldatu eta berreraikitzeko aukera. Beraz, sarritan denbora paraleloak maila berean azaltzen dira eta egileak orainaz hausnartzen du iraganari erreparatuz. Fantasiazko narrazioetan, ironizatzeko joera baztertzen da eta egoera apokaliptikoak irudikatzen dira. Dena dela, ez dira denak mundu distopikoak; errealitatetik elikatzen diren hainbat fikziotan banpiroek, zonbiek eta noraezean dabiltzan arimek ere protagonismoa hartzen dute. Bestalde, irakurlea errealitatea islatzen duen fikzioetatik zientzia fikziora murgiltzen da abisu barik; nire gusturako, horrek irakurketaz erabat gozatzea eta istorioan bete-betean sartzea oztopatzen du. Oro har, Zalduak hiper-errealitatearen kontzeptua literaturizatzen du. Hiper errealitatea: errealitate desitxuratua, simulakroa, irudikapenaren eta errealitatearen arteko desberdintasuna apurtzea. Alabaina, hasieran aipatu ditudan hiru ardatzen haria berreskuratuko dut, lehenengoak eta hirugarrenak askoz erakargarriagoak iruditu zaizkidalako. Edozelan ere, déjà vu sentsazioa ere presente egon da irakurketa osoan, eta hori adierazteko, zer hobea Zalduak berak “Garai batean” ipuinean musikari eskainitako hitzekin bukatzea baino: «Revival-a baino ez zaizuela geratzen, mozorro batekin edo bestearekin estaltzen saiatzen bazarete ere» (64 or.).