GARA Euskal Herriko egunkaria
NBA

«Mendebalde basatian» 14 talde bost garaipenen tarte eskasean sartu dira


NBAk duen kondairetako Wild Wild West-eko –«Mendebalde basatia– lehia itzela da. Beste hainbat alditan lehia handia izan bada, aurten are eta gogorragoa izaten ari da; 15 taldek osatzen dute Mendebaldeko Konferentzia eta Phoenix Suns izan ezik –4-17 balantzea dauka–, beste guztiak zortzi aurrenekoetan sartzeko borrokan murgildurik daude.

Los Angeles Clippers da liderra, 14-6 balantzeaz, Phoenix koitaduari 115-99 irabazi ostean. Denver eta Warriors daude gero, 15-7 eta 14-7 balantzeaz hurrenez hurren; 13 garaipenekin daude Oklahoma eta Portland, azken jardunaldian Orlando eta Cleveland gainditu ondoren. Memphis da seigarrena 12-8 balantzeaz, eta zazpigarrenetik hamahirugarrenera 10 garaipen –Dallas, Sacramento, San Antonio eta Utah– edo 11 dituzte –Lakers eta New Orleans–. Houston hankamotz geratu da azken jardunaldiaren ondoren, 9-11 balantzea duela, Dallasen aurka 108-128 galdu ostean.

Houston Rocketseko izarra James Harden da, eta Dallasen aurka 25 puntu, 17 asistentzia eta 11 errebote pilatu zituen. Baina Texasekoek Chris Paul falta zuten, eta bera gabe galdu egin zuten. Bost partida huts egin ditu CP3 antolatzaileak, eta bostak galdu ditu Houstonek.

Todo sobre NBA