01 DIC. 2018 Ataramiñe, kartzelako grisari kolorea ematen dioten presoen lanak Urtero bezala, euskal preso politikoen sorkuntza lanak aurkeztu ditu Ataramiñek. Oier Goitia, Joseba Erostegi eta Ibon Muñoa presoen lan bana plazaratu ditu, «sorkuntza espetxean denbora kudeatzeko bitartekoa» dela aldarrikatuz. Oier Goitiaren bigarren poesia liburua, Erostegiren umeentzako ipuin koloretsua eta Ibon Muñoaren bosgarren bertso sorta bildu ditu aurten desagertzeko bokazioa duen Ataramiñe argitaletxe ezohikoak. Patxi GAZTELUMENDI BILBO «Elkarlan barik ez da posible Ataramiñe libururik egotea» esanez aurkeztu zituen Oier Gonzalez Bilbatuak aurtengo liburuak. Urtero garai honetan, Ataramiñek urtean zehar espetxeetan izandako literatura lanak aurkezten ditu. Euskal preso politikoen sorkuntzarako argitaletxe bezala sortu baitzen Ataramiñe. Eta aurten ere hiru presoren lanak plazaratu ditu. «Euskal preso politikoen sorkuntza lanaren plazatxoa da Ataramiñe, eta bertan kronika afektiboak, presoen irudigintza, poesia, ametsak eta antzerki lanak plazaratzen ditugu. Espetxean denbora kudeatzeko bitartekoa da sorkuntza, eta han, denbora da bataila guztien ama». Ondo gogoratzen du Gonzalez Bilbatuak kartzela. Han egondakoa da. Bertan idatzitakoa. Eta berak ere Ataramiñeren bitartez plazaratu zituen bere asmo eta ametsak. Ion Telleriak ziegakide izan zuen Oier Goitiaren poesia liburuaren aurkezpena egin zuen. “Egia baten egunerokoa” Gernikako presoaren bigarren lana da, aurretik “Fakin Xokona” plazaratu baitzuen. Antzeko diseinuarekin, eguneroko itxura hartu du Goitiak egunero idazten dituen poema multzoak. «‘Fakin Xokona’ gauero Oierrek Frantziako espetxean presokideei entzuten zien oihua zen, baina Fakin Fresnes, Fakin Soto, Fakin Murtzia ere izan zitekeen poema bilduma hau», esanez hasi zuen bere aurkezpena Ion Telleriak. «Espetxetik ihes egiten duten burutazioak dira Oierrenak», bere ziegakide ohiaren aburuz. Liburuari izenburua jartzeko orduan Gabriel Arestiren “Egia bat esateagatik” poema izan dute akorduan. Iker Moreno preso ohiaren ilustrazioekin osatu dute liburua. “Txori mezulariak” ipuina idatzi du Joseba Erostegi “Eltzikorta” preso antzuolarrak. Bere iloba Loreak egin dizkio marrazkiak. «Telefono deiak egiten zizkidan osabak astero, eta liburu honi buruz hitz egin eta eztabaidatzen genuen biok», aitortu zuen Lorea Erostegik. Umeei eskainitako ipuina da, «eta ume bakoitza da protagonista, amama oroitu nahi izan dugu, aurten joan zaigulako». Eta Joseba Erostegi Herrera de la Manchan. Ibon Muñoaren bertsoak ohiko bilakatu dira Ataramiñek Durangoko Azokan jartzen duen standean. “Hamaika desio utopiarako” liburua eibartarraren bosgarren liburua da. Ohi duenez, ordena kronologikoari jarraitzen diote liburuko bertsoek. Kordobako espetxean sortutako 141 bertso berri ditu Muñoaren lan honek.