01 DIC. 2018 «Azken indioak», Gatibuk Texasen grabatutako diskoa Eremu ezezagunera salto egiteko abiatu ziren Gatibu taldekoak ozeanoaz haraindi. Zortzigarren diskoari ekin aurretik, dudak sortu zitzaizkien. Santi Garcia ekoizlearekin Texasera joan, eta Sonic Ranch estudioan astebetez zazpi kantu grabatuta itzuli ziren. Sonoritate ezberdin baten bila abiatu, eta pozik itzuli dira «Azken indioak» lanarekin. Patxi GAZTELUMENDI BILBO Oraingo taldeentzat presioa da urte bitik urte bira lan berria plazaratzea. Horrela adierazi zuen Haimar Arejita Gatibu taldeko gitarristak. «Sortzeko, inspirazioa etortzeko denbora pasatu behar da, eta guk toki ezezagunaren bila jo genuen, motibazio bila». «Saiatzen gara gauza berriak bilatzen, geltoki berri bat», zehaztu zuen Arejitak. Eta beraiek Texas aldera egindako bidaiaren arrazoiak eman zituen. Asmatu omen zuten, bueltan pozik itzuli zirelako hango Sonic Ranch estudio ezagunetik. Aspaldiko gitarra zaharrak, artista famatuekin lan egindako estudio eta kontsolak, mitoa elikatzen duten arrazoi ugari. Rock & rollaren historia. «Beste leku batera joateko asmoa genuen, betiko metodologia hautsi, ez genuen betikotik betikora joan nahi», Haimar Arejitak zintzo. Jauzi berri bat, jauzi handia. Ozeanoa gurutzatu eta Kataluniatik beraiekin joandako Santi Garcia ekoizlearen esanetara jarri ziren. Aurretik Delorean, Berri Txarrak, La M.O.D.A, StandStill eta beste talde ezagun batzuen ekoizlea izan da Garcia. «Saltoa ematea, arriskatzea da», bota zuen ondotik Alex Sardui Gatibuko abeslari eta letragileak. Zazpi kantu, zazpi letra eta hustu egin da kantaria. Diskoan dena eman dutela diote, eta ez dute kantu gehiago sortzeko betarik hartu. «Europako azken indioak gara, baina aurrera begira dagoen herri bat gara, denbora berrietara egokitzeko gaitasuna duen herria», adierazi zuen irmo Haimar Arejitak. «Grina eta gaitasuna erakutsi ditugu, nortasuna eta hizkuntza babesteko, azken indioak izan gaitezke, baina ez gara monoak produktu exotiko bezala atzerritarren bisitak jasotzeko», argi mintzatu zen Gatibuko gitarrista. «Rocka, bizitza, kultura eta hizkuntza aldarrikatzen ditugu, katebegia gara lehendik datozenengandik, eta kulturaren transmisioa egin nahi dugu, beste batzuek ere jarraitu dezaten». Gaizka Salazarrek, azkenik, disko honetan dauden berritasun batzuk aipatu zituen: «Esplorazio batzuk egin ditugu eremu berri batzuetara, pianoa eta hammonda entzun daiteke, haize sekzioa ere sartu dugu kantu batzuetan, eta sintetizadorea ere aditu daiteke». Pintzelkada berriak dira, baina zuzenean laukote bezala eta betiko formatuarekin jarraituko dute. Gogotsu daude eta abendu erdialdetik aurrera egingo dituzten hamaika kontzertuak iragarri dituzte jada. Katalunian hasi eta Gasteiz, Bilbo, Donostia, Atarrabia eta Biarritzen aritzeaz gain, Madrilen, Sevillan, Parisen edota Caceresen joko du Gatibuk.