LIBURUAREN AURRERAPENA

Bizitzea ez al da oso arriskutsua? (Habanako gaukaria)

«Bizitzea ez al da oso arriskutsua?». Esaldi horrekin hasi eta bukatzen du Joseba Sarrionandiak bere eguneroko hau. Testu laburrez eraikia, kartzelan idatzitako «Ni ez naiz hemengoa» gogoangarri haren moduan, egilea Kubatik ari zaigu orain. Orri honetan Pamielarekin argitaratu duen liburu berriaren pasarte bat eskaintzen dugu, aurrerapen gisara.

UNIBERTSITATE IKASGELAKO SOLASA

—Nola desagertu ziren dinosauroak?

—Big Bang deitzen den leherketa harengatik, ezta?

(Otsailak 22)

ARERIOAREN ZUZENBIDE PENALA

Altsasukoak eta beste. Zenbat euskaldun Justiziaren sarepean harrapatuta! Armiarmaren amaraunean lotuta, dena legala eta normala balitz bezala.

Euskaldunek gaur egun Espainiako epaitegietan juduek 1938. urtean Alemaniako epaitegietan bezalako justizia dute.

Euskaldun guztiek ez, euskaldun batzuek, jakina, oraingoz. Arerioaren zigor zuzenbidea da, «justizia» eta «humanismoa» balitz bezalako prozedura eta akusazio elestekin.

(Martxoak 10)

ESPAINIAREN ZENTZUGABEKERIA

1892. urtean, José Martí Santo Domingora joan zen Máximo Gómezi Kubako independentziaren aldeko borroka berriak proposatzera.

—Hori amets hutsa da! –esan zuen Hamar Urteko Gerrako intsurrektuen jeneral zaharrak.—Baina egin daiteke –berretsi zuen José Martík kartsuki.

—Ezinezkoa da! –errepikatu zuen dominikarrak etsipen eta tristura keinuekin–. Gogoratu nola amore eman behar izan genuen Zanjonen.

—Saiatu behar dugu berriro… Sasoi berri batean gaude…

—Zer daukagu alde? –galdetu zuen Gómezek, moztuz, eta bere txinatar begi meheetan ardura erakutsiz.

José Martík arrazoi bakarra eman zion, uste osoan:

—Espainiaren zentzugabekeria.

(Martxoak 29)

DESOREKAK

Desoreka politikoak oreka demografikoz konpontzen dira: iraultzaile bakoitzeko hiru polizia.

(Apirilak 24)

BIOLENTZIARIK GABE

Lehen esaten zuten biolentziarik gabe dena izango zela posible. Biolentziarekin, inposiblea zen dena. Biolentziarik gabe, nagusien biolentziaren monopolioa geratzen da, eta benetako aldaketa politikorik ez da posible. Biolentziarik gabe dena posible dela, gezur hori bera ere apenas entzuten da ja.

ARMAK NOIZ UZTEN DIREN

Armak uzten dira odol gehiegi isuri denean, eta hala ere ez denean nahikoa isuri, eta ikusten denean askoz gehiago isurita ere ez litzatekeela nahikoa izango, eta hala ere odol hori ezin denean galdu zeneko lekura itzuli.

DESABANTAILAK ETA ABANTAILAK

«Armak erabiltzearen desabantailak konprenitzen ez dituenak», izkiriatu zuen Sun Tzuk, «armak erabiltzearen abantailak ere ez ditu konprenituko».

(Maiatzak 3)

ERAKUNDE GIZAJALEAK

Zelan gauzatzen da boterea erakundeetan edo komunitateetan? Gaia soziologiaren ikuspegitik aztertu dutenetakoa da Lewis Coser. Gatazken funtzionamenduari buruz ere ikerketa interesgarriak egin zituen.

Botereak antolatzeko eta eragiteko dituen formetako bat Coserrek instituzio ‘jatunak’ edo ‘aseezinak’ deitzen dituenak dira: greedy institutions. Ez litzateke hobe ‘gizajaleak’ itzultzea? Baietz iruditzen zait Coserren saiakera irakurrita. Ikerketak ustekabeko adarrak ditu: eunukoen funtzio politikoa, Gorteak duen kanpotar beharra, monarken amoranteen papera, etxean mirabeak duen betebeharra, etxekoandrearen figura familia aseezinean, jesuiten konpainia, alderdi boltxebikea, apezen ezkongabegoa…

Erakunde antolatu guztien arazoa izaten da zerbaitetarako antolatzen direla eta, denborarekin, erakundea jendearen zerbitzuan egon beharrean, erakundearen zerbitzuan ibili behar duela jendeak.

Nor ez da ba izan erakunde gizajaleren bateko kide?

(Maiatzak 13)

SUARI BEGIRA

Lasai, orain 7000 urte ere berdintsu geunden, erdi biluzik, nekatuta. Harpera sartu, arkua eta geziak bazterrera bota, suaren inguruan eseri, banan-banan bildu ginen, irribarre samurrak eginez elkarri, eta solasean hasi ginen, zer egingo.

(Maiatzak 16)

ARRATSALDEKO ZAPARRADA

Euri haizea, eta euri erauntsia. Haizealdi arin, indartsu eta iraunkorren ondoren, arratsaldeko bostetan hasi du euria. Lehenengo ur tanta lodiek kea altxatu dute errepidetik.

Tximistak eta trumoiak tartekatu dira gero eguratsaren nahasmenduan, euri zaparrada hornituz. Kaleak erreka bihurtu dira, aldaz beherako ibaiak, eta ematen zuen Playatik Marianao aldera pasatzea konplikatuko zela.

Baina ekaitza gizalegez amaitu da. Modu ordenatu eta txukunean joan da ura estolda zuloetatik. Omnibusak eta autoak arazorik gabe dabiltza.

Gaurkoa, Alderdiaren erabakia izan balitz bezalako euria izan da.

(Maiatzak 23)

ARRETAZ ZAINDUTAKO TRENAK

Arretaz zaindutako trenei buruzko istorio samur bat idatzi zuen Bohumil Hrabalek aspaldian. Tren militar naziek Bohemia zeharkatzen zuten. Eta ondo zaindu behar izaten zituzten. Okupazioa errepresentatzen zuten eta, halakoetan, manupekoak errebela daitezke, eta errebelatzen dira batzuetan han-hemenka. Zapaltzaileak ezin du lasaitasunik espero, zorroztasunez zaindu behar ditu bere trenak.

Uste dut trenbideko orratzaina zela nobelako protagonista, eta mutiko baten larru iniziazioa ere azaltzen zela oroitzen dut, inportantea zen hori ere. Aspaldian irakurri nuen, Pragatik nentorren eta Habanan. Edizio kubanoa Espainiakoa baino hamar urte lehenago argitaratu zuten, baina honetan, eleberria erregimen komunistetan debekaturik zegoela esaten zen.

Menperatzaileen trenek alderik alde zeharkatu behar izaten dituzte herriak. Arreta handiz zaindu behar izaten dituzte. Hortixe pasatzen dira, geure albotik, zapaltzaileen trenak.

Eta zer, etxean eserita geratuko gara ipurdia aulkitik altxatu gabe?

(Maiatzaren 29)