10 DIC. 2018 ZIRIKAZAN Barregarria zirudiena Josebe EGIA Hauxe idazten ari naizenean, igandearekin, astebete justu pasa da hekatonbetik Espainiako Estatuan, Andaluziako epizentrotik hedatuta. Han, hain zuzen han, laborari eta abeltzainen lurraldean, ezker espainiarraren feudoan, muturreneko eskuina sartu da agertoki politiko benetakoan, horren aldirietako zoritxarrezko anekdota izateari utzita ate handitik, gainera: hutsetik, hamabi aulki lortu ditu aipatu erkidegoko Parlamentuan, ez estatu-kolpez ez inolako indarkeriaz, baizik eta jende batzuen botoei esker. Ez ditu hauteskundeak irabazi, ezta urrunetik ere, baina astebete luze honetan fokuen eta atentzioaren distira beste inork baino gehiago bereganatu ditu; denen ahotan dago VOX alderdia, denen zergatien azterketetan, askoren irriketan eta, pentsatu nahi dut, gehiengoaren asalduretan konplexurik gabeko muturreko eskuin espainiar garaikidea, faxismo hutsaren bultzatzailea. Gogoan dut sortu zenean, duela urte batzuk, artikulu bat idatzi nuela berari buruz, PPren are eskuinerago joandako frankismoaren nostalgiko eta giza edota herri eskubideen kontrako fanatikoen kuadrilla hari buruz, ezin sinetsirik, besteak beste, kide edota zale urrien artean andrazkoak ere bazeudela, gustura asko alfa arraren sostengu agertuz, eta, oro har, halako zerbaitek inolako etorkizunik ez zuelako garrantzi gutxi emanda. Gero, ahaztu egin nituen, beste askok bezala, ziurtasun garbi-garbi horrekin, hain zuzen: egungo jendarteak, ez eta etorkizuneko belaunaldiek ere, ez dute sekula onartuko, are gutxiago bultzatuko, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, homofobia, klasismoa... besteren zapalkuntza, oro har. Ez Europako erdigune honetan, Europa zibilizatu eta helduan, balio demokratikoen eta askatasunen gotorleku honetan. Nola, bada! Barregarria zirudien saiatze hutsak ere, finean. Artikulu hartatik, ziurtasun hartatik, lau urte besterik ez da igaro, eta sinestezina da hain denbora laburrean nola erori diren, eta ari diren erortzen –erorrarazten– bata bestearen atzetik karta soilak balira bezala, sekula pentsatuko ez genituen balioak eta babesak Europan zehar (Hego muga sekula ez dago Ipar mugatik hain urrun), Ameriketan... mota orotako gorrotozko harresien eraikitzaileei, dagoeneko diskurtso lausoen atzean ezkutatzen ez direnei, denbora luzez itxaroten daramaten lursaila opari egiteko. Zeren ez, jendea ez da bihurtzen faxista egun batetik bestera, ez zaitzatela engainatu.