Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Ezinegona

Gizaki gehienek nahiago dute edozer egiten hasi, zelan egin pentsatu baino». Octave Gelinierrek, giza antolakundeetan helburuka lan egiteko metodoa proposatu zuen ekonomialariak, «inteligentzia lokomotiboa» deitzen zion.

Oinarrian gorputzaren energiaren ekonomia ei dago. Alferraren definizio klasikoaren aurka; astarrak umea egingo din/k hi mugitzerako! Burua da gorputzari energia gehien kontsumitzen dion atala. Ondorioz, buruari eragitea, pentsatzea, are gehiago erabakia hartu ostera arte zuzen gabiltzan jakin ez eta bigarren aukerarik ez dagoen kasuetan, energia gastu erraldoia da gorputzarentzat. Gure esku ez dagoenaren ondorioen kontzientziak eragindako energia kontsumo erraldoi hori muga arriskutsuetara heltzen denean alarma pizten da. Alarma horren adierazpen fisikoari (ere) antsietatea deitzen diogu.

Gorputza, gor baten aginduetara bizitzera kondenatutako jakintsua, energia galera hori eragozten saiatzen da. Eta era bakarra dago gorrekin komunikatzeko; mugimendu fisikoa. Edozein mugimendu fisiko egiten hastea buruari bolumena jaistearen ondoriozko energia aurrezkia da. Kanpoko begiraleak usteko du orduan hasi dela energia kontsumoa: garaia hunan zerbait egiteko! Eta norbera ere, noski, hobeto sentitzen da mugitzen hasita, energia gutxiago kontsumitzen du-eta aldekoen errefortzua duelako.

Euria egiteko dantzekin hasi eta gaixotasun hilgarrien aurkako maratoietaraino, gure ordezkari politikoek elkarlanean sortua era alderdikoian errentabilizatzeko antolatutako ekitaldi instituzionaletatik igarota, antsietatea apaltzeko mekanismo mugiarazlez beterik dago gizakiaren historia. Praktikan ia ez dute bilatzen den helburu konkretuan inolako eraginik, baina jendea hobeto sentitzen da parte hartu ostean.

Eta gu? Gure herriko plazei bueltaka hasiko gara berriz? Ala heldu nahi dugun lekura heltzeko teknikoki sinesgarria den ondo zehaztutako bidea proposatu, adostu eta egikaritzeko prozesu mental luzea kudeatzeko gai izango gara?