20 DIC. 2018 Joan Mari Torrealdai: «Herrigintzan, euskaltzaletasunari aitortu behar zaio zentraltasuna» Gipuzkoako Diputazioaren bereizgarri gorena, Urrezko Domina, jaso zuen atzo Jakin taldeak. Hiru lagun igo ziren oholtzara, baina «jakinkide» oro eraman zuten beraiekin. Amalur ARTOLA DONOSTIA Oñatiko frantziskotarren ingurumarian argitaratu zen “Jakin” aldizkariaren lehen alea, 1956an. Hasieratik hizkuntzalaritzarekin eta filosofiarekin hertsiki lotuta, frankismoaren itzalean pentsamendua hauspotu eta, zentsurari aurre egiteko, 1969 eta 1977 urte artean editorial gisa aritu zen lanean. Gaurdaino iritsi da Jakin taldearen ekina, baita edizio lanean ere –aipagarria da egun, Lorea Agirreren zuzendaritzapean, Eskafandra bilduma feministarekin egiten diharduen ekarpena–, eta atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko bereizgarri gorena, Urrezko Domina, jaso zuten sortzetik gaur egunera arte Jakin sendiaren parte izan diren guztiek. Atarian hartu zituzten ezpata dantzariek “Jakin”–eko lantaldea ordezkatzen zuten Joseba Intxausti, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai. Joxe Azurmendik, geldiarazia duen ziatika bat tarteko, bidaiatu ezin eta Alemaniatik bidali zuen eskertza, bideo formatuan. Aurrez, baina, Jakineko Itziar Aizpuruak irakurri zuen laudatio-a eta, lau omenduen izenean, Torrealdaik hartu zuen hitza. «’Jakin’ euskararen lurralde askean sortu zen», hasi zuen hitzaldia, Jakinek sorleku izan zuen Arantzazu euskal kulturan sinbolo dela gogora ekarrita, eta 62 urte hauetan izan dituzten trabak eta atakak gaindituta –barne krisiak eta debekuak izan zituen gogoan– «egoera eta garai berrietara moldatuz egin dugu bidea, alor guztietan», esan zuen. Berrasmatze espirituarekin nahiko ez eta “Jakin” ezerk ezaugarritzen badu talde lana dela gaineratu zuen: «Jakinkideak sakabanaturik geundenean, ikasketak egiten, Katalunian, Italian, Frantzian edo Alemanian, Jakinek bazuen talde izaera, birtuala baina sendoagoa, komunikazio idatziaren bidez eta aldian aldiko topaketak eginez. Herritartu ginelarik, ‘Jakin’ zen gure bilgune naturala, gure taldea». Hala, omenduak lau izanda ere Jakinen atzean lantalde zabala dagoela ekarri zuen gogora: «Guztiok osatzen dugu Jakin komunitatea eta horien ordezkari gaude gu hemen ohoratuak». Amaitu aurretik, herria, kultura eta hizkuntza ardatzei ere egin zien erreferentzia: «Hirurok elkarreraginean jardutea proposatu dugu, betiere ezaugarri jakin batekin: gure iritzian herrigintzaren jardunean euskaltzaletasunari aitortu behar zaio zentraltasuna». Ostean, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok hartu zuen hitza, «euskal kultura modernitatearen bidez kokatzeko» sei hamarkadatan zehar Jakinetik egin den «lan eskerga» nabarmentzeko. «Guztizko askatasun intelektualari inoiz uko egin gabe, mendebaldeko zibilizazioaren balio aurrerakoien gainean proiektu sortzaile iraunkor eta ireki bat eratu duzue; eta horrekin euskal herri honentzat etorkizuna eraikitzen lanean jardun duzue», jarri zuen balioan. “Jakin”–en hitzaz gogoetatuta hiru zentzu datozkiola burura ere esan zuen: herria, hizkuntza eta kultura. «Hiru hitz horietan mamitzen da Jakin taldeak sorreratik bertatik bere buruari ezarri zion izateko arrazoia», esan zuen. Olanoren hitzetan, “Jakin” «ezinbesteko erreferentzia» bilakatu da euskal kulturan, esparru horretan sortu eta bilakatu diren auzi eta eztabaida nagusiei ekarpena eginez: hizkuntzaren batasuna, euskal hezkuntza, ekonomia ereduen talka eta abertzaletasunaren eta ezkerraren arteko auzia, besteak beste.