27 DIC. 2018 NBA Lakers gazteak LeBron baino gehiago dira A. G. Gabon Eguneko partidarik erakargarriena Golden State Warriorsek eta Los Angeles Lakersek jokatu zuten egungo txapeldunen kantxan, eta ezustean Lakers izan zen garaile, 101-127, Stephen Curry izarra Oaklanden dabilenetik hona, txapeldunek etxean jaso duten hirugarren egurrik handiena. Hori gutxi ez eta, Lakersen LeBron James izarrak min hartu ondoren lortu zuten garaipena Kaliforniakoek. 17 puntu lortu ostean, eskuin zangoko iztartean min hartu zuen Lakersen jokalari garrantzitsuenak hirugarren laurdenean. Bada, LeBron falta zelarik egin zuten ihes bere taldekideek, azken laurdenean 19-36ko partziala erdietsi ondoren. Azken lauzpabost urteetan atarramentu onik atera ezinik ibili ostean –beti play offetatik kanpo–, Lakers burua altxatzen hasi da, baina ez LeBron Jamesi esker bakarrik, jokalari gazte on gehiago ere bai baitauzka –Ingram, JaVale McGee, Lonzo Ball, Kuzma edo Zubac–, baita Rajon Rondo beterano gerlaria ere, 2008an Celticsekin eraztuna Lakersen aurka irabaztea zer den badakiena. Hala, Luke Walton entrenatzaile gaztea –38 urte– talde arriskutsua ari da antolatzen; uneotan Mendebaldeko Konferentzian laugarren postuan doana, 20-14 balantzeaz, eta LeBron Jamesen lesioa serioa ez dela dirudienez, ez du ematen postu horietatik kentzea erraza egingo zaienik aurkariei. James Hardenen erakustaldia Carmelo Anthony paretik kendu ostean, badirudi Houston Rockets gauzak taxuz egiten hasi dela. Oklahoma City Thunderri 113-109 irabazi ostean, Texasko taldea Mendebaldeko Konferentziako zazpigarren postura igo da, 18-15 balantzeaz. Hala ere, egia da Mendebaldeko bosgarrenetik hamalaugarrenera lau garaipeneko aldea baino ez dagoela. Chris Paul antolatzailea min hartuta izan arren, Rocketsek James Harden izan zuen gidari Oklahoma menpean hartzeko: 41 puntu –zazpigarren bider 40 puntutik gora aurtengo denboraldian–, 7 asistentzia eta 6 errebote lortu zituen. Horrez gain Eric Gordon hegalekoa eta Clint Capela pibota ere ondoan izan zituen Oklahomari azken laurdenean gaina hartu ahal izateko.