28 DIC. 2018 Amiantoaren eraginpean egoteko arriskuan dagoen langile kopurua haziz doa Asviamiek zehaztu zuenez, urtero mila langile batzen dira Osalanek langile horientzat duen zerrendara. Ohartarazi zuen amiantoarekin zeharkako kontaktua izan zutenek ere jasan dezaketela honen eragina. GARA DONOSTIA Asviamie amiantoaren biktimen EAEko elkarteak ohartarazi du amiantoa arnastearen ondorioz gaixoturiko pertsonen kopurua hazten ari dela. Urtero mila pertsona batzen dira amiantoaren erangipean egoteko arriskuan dauden Langileen Fitxategira, Osalanek osatutakora. Abenduan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 9.802 pertsona zeuden artxibo horretan. Horietariko asko Beasaingo CAF enpresan aritutako langileak direla zehaztu zuten eta adibidetzat lau kasu plazaratu zituen biktimen elkarteak. Laringeko minbiziaren ondorioz martxoaren 11n, 66 urte zituela, hil zen S.C.P. langilearen adibidea nabarmendu zuten. Izan ere, 1974an hasi zen CAFen lanean eta amiantoaren eragina jasateko arriskuan dauden langileen enpresako zerrendan bazegoen ere, bere kasua ez zegoen Osalanen erregistratuta, «detekzio goiztiarra eta lan-gaixotasunaren aitorpena oztopatuz», kritikatu zuten. Pleurako mesotelioma gaixotasuna diagnostikatu dioten azkena duela aste batzuk izan zela adierazi zuten. 79 urterekin aitortu diote ezgaitasun osoa J.C.L.J. langileari. 15 urterekin hasi zen CAFen lanean, erretiratu zen arte, baina aurtengo urrira arte ez zegoen Osalanen zerrendan eta, beraz, ez zuen osasun zaintza espezifikorik. Irailean erretiratu eta handik gutxira diagnostikatu zioten mesotelioma pleural gaixotasuna R.P.G beharginari. CAFeko behargina izan zen 1974. urtetik. Osalanen fitxategian sartzeko tramiteak abiarazi zituen, lan gaixotasunaren ondorioz Gizarte Segurantzako prestazio guztiak jaso ahal izateko. Biriketako asbestosi gaixotasuna duen J.I.E langile ohia ere aurten, 75 urte dituela, sartu dute Osalaneko zerrendan. Hau ere CAFen aritu zen hamabi urtez. Gauzak horrela, lan gaixotasun hauek amiantoarekin zuzeneko kontaktua izan ez duten langileei ere eragiten diela ohartarazi nahi izan zuen Asviamiek eta horregatik arriskuan egon daitezkeen langileen zerrenda zabaltzea exijitu zuten, 60ko eta 70eko hamarkadetan CAFen lan egin zuten langileen artean detekzio goiztiarra eman eta gaixotasun profesionala aitortu ahal izateko. 9.802 LANGILEAbenduko datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 9.802 pertsona daude amiantoaren eraginpean egoteko arriskuan dauden Langileen Fitxategian, Osalanek osatutakoan.