GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

2019. urteko Bizkaia hobeagoa, norentzat?


Pasa den abenduaren 27an, EAJren eta PSEren bozei esker, 2019ko aurrekontuak onartuak izan zirenean, Unai Rementeria Imaz ahaldun nagusiak esan zuen Bizkaia hobeagorantz gindoazela aurrekontu horiekin.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean ari garenontzat, aurrekontu hauek ez dute, berdintasunari dagokionez, Bizkaia hobeagoa irudikatzen. Kontrakoa esan genezake, hain zuzen aurrekontu hauek ez baitute betetzen Berdintasun Foru Arauak ezarritako aurrekontuen %1a inbertitzea berdintasun ekintza zuzenetan. Horren arabera, berdintasunerako 16,4 milioi egon beharko ziren 2019ko aurrekontuetan, eta 10,2 daude. Aurrekontu hauekin, EAJk eta PSEk 6,2 milioi lapurtu dizkiete emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko ekintzei.

EH Bilduk, osoko zuzenketan salatu zuen aurrekontuek ez zutela Berdintasun Foru Arauan ezarritako finantziazio konpromisoa islatzen, baina EAJk eta PSEk aurrera jarraitu zuten. EH Bilduk, %1aren konpromisoa bete ahal izateko 27 zuzenketa partzial aurkeztu ditu sail ezberdinetan, berdintasun ekintza zuzenak garatzeko; denetara, 7 milioi euro gehiago. Eta EAJk eta PSEk, gure legea den Berdintasun Foru Araua urratzen ari zirela jakinda, ezetza eman diete berdintasun zuzenketa guztiei.

Ezetz esan diote zaintza lanak era komunitarioan eta kooperatiboan egiteko enpresa sozialen sorrera bultzatzeari, zerga sisteman generoak duen eragina edota Bizkaiko Foru Sektore Publikoko langileen artean egon daitekeen soldata arrakala aztertzeari, lankidetza arloan, emakumeei zuzendutako proiektuak indartzeari, eta abar luze bati. 2018. urtearen balantze guztietan agertu den ekimenik aipagarriena mugimendu feministaren itzelezko mobilizazioa izan den bitartean, Bizkaiko EAJk eta PSEk onarturiko aurrekontuek muzin egin diete aldarrikapen feministei. Eta Unai Rementeriak dio Bizkaia hobeagoa izango dugula 2019. urtean? Emakumeok, ez.

Ezta Ezkerraldean, Meatzaldean edo Enkarterrian bizi direnek ere. Langabezia tasa handienak dituzten eskualdeek, industria ehunaren deuseztapena pairatzen ari diren eskualde hauek, ez dute beren egoera sozioekonomikoari aurre egiteko partida espezifikorik 2019ko aurrekontuetan. Beraientzat, 2019ko Bizkaia ez da hobeagoa izango.

2019ko aurrekontuetan ez dago pinudiaren gaixotasunagatik basogintza eta zuraren sektoreak pairatzen duen krisialditik ateratzeko neurri eraginkorrik, monolaborantzatik baso anitzetara igarotzeko proposamenik… Bizkaiko abeltzainek 2019. urtean kanpora joan beharko dute beren abereak hiltzeko, aurrekontuetan ez bada onartu hori ekiditeko ezinbestekoak diren hiltegiak egiteko partidarik. Beraz, lehen sektoreak eta bioaniztasunak ez dute etorkizun hobea izango 2019ko Bizkaian.

Hondakinei dagokienez, 2019ko Bizkaian organiko osoa biltzeko aukerarik gabe jarraituko dugu, Foru Aldundiak bilketa partzialari eusten baitio, nahiz eta Europa mailan bide horretatik joan eta Lea-Artibaiko proiektu pilotuak aukera egokiagoa dela egiaztatu.

Mugikortasun eredu berria iragarri zuen Unai Rementeriak 2019ko aurrekontuen aurkezpenean. Bidegorrientzako 10 milioiko inbertsioa omen, baina aurrekontuetan ez dago horrelakorik. Bidegorri bakarra, besterik ez. Beste behin ere, kea saldu, SuperSur delakoaren luzapena ezkutatzeko. Bizikleta zaleek betiko oztopoak izaten jarraituko dute 2019. urtean.

Eta Errekaldeko bizilagunek ez dute bizimodu hobea izango 2019an, aurrekontuetan ez baitago biaduktua eraisteko konpromisorik, nahiz eta herritar ugarik horrelako alegazioa aurkeztu.

Pertsonak erdigunean jarriko omen dituzte, baina zeintzuk? Behartsuenak aurrekontuen erdigunean daude? Enplegua, Gizarteratze eta Berdintasuna sustatzeko Sailaren aurrekontua begiratuta, ez du ematen behar handienak dituzten pertsonak erdigunean daudenik, aurrekontuen %4,37 besterik ez baitute merezi. 2018an zerga bilketa handia izan da eta Bizkaiko Foru Aldundiko zortzi sailek 58,6 milioi gehiago izan dute 2019ko aurrekontuetan: horien artean, gizarte bazterketari aurre egiteko programak 1,1 milioi gehiago besterik ez du jaso, eta sail osoak 3,5 milioi gehiago. Ondo adierazten dute datu hauek zein garrantzi gutxi duten 2019ko aurrekontuetan behar handienak dituzten pertsonek. Beraiek ere ez dute izango egoera hobeagoa 2019ko Bizkaian.

Egon badaude Bizkaia hobeagoa izango dutenak, noski, azpiegitura erraldoiak egiten dituzten enpresa handiak. Urteetarako inbertsioak aurreikusten dira aurrekontuetan, eta beraz, enpresa handi horiek etekin handiak izateko aukerak. 2019. urtean, zoritxarrek, Bizkaiko aberatsak aberatsagoak izango dira, eta pobreak pobreagoak, gizarte arrakala sakonduz.

EAJk eta PSEk atzera bota dituzte oposizioko zuzenketa gehienak. EH Bilduren kasuan, erdibideko bat, besterik ez dute onartu. Herritarrek aurkezturiko alegazioen artean, bi soilik izan dira onartuak. Jokabide honek argi uzten du Foru Gobernuak ez duela inolako borondaterik izan adostasun zabala lortzeko. Eta ondorioz, 2019ko Bizkaia ez da hobeagoa izango bizkaitar guztientzat, hainbat eta hainbat bizkaitarren nahiak bazterrean utzi baitituzte.