10 ENE. 2019 Artzeren funts pertsonala eskuratu du Koldo Mitxelena liburutegiak Gipuzkoako Aldundiak kudeatzen duen liburutegiak jada bazuen JoxAnton Artzeren funts bat, bere lan garrantzitsuenak biltzen dituena. Iazko urtarrilean zendu ostean, familiak bere dokumentu, gutun eta testu pertsonalak bildu eta liburutegiari ematea erabaki du, sortzailearen beraren borondatea betez. Diputazioak, bere aldetik, ondare hori zaindu eta ezagutarazteko konpromisoa hartu du. Funts honek beste batzuk elikatuko dituela uste dute. Nagore BELASTEGI DONOSTIA JoxAnton Artzeren familiak idazlearen funts pertsonala eman dio Donostiako Koldo Mitxelena liburutegiari, gorde dezan. Haren alarguna den Karmen Estebanek esan zuen jada ez duela material horren beharrik, senarra oroitzearekin nahikoa duelako. «Nire bihotzean gordeta daukat, nahiago dut bere gauzak jendeari eman. Inporta zaidan bakarra berak beti erabiltzen zuen txaleko berde txiki bat da. Hori niretzat nahi dut, orain nik jantzi ohi dut», aipatu zuen Estebanek iazko urtarrilean zendu zen poetari buruz. Mahai batean jarriak zituzten familiak emandako eskuz zein makinaz idatzitako testuak. Horien artean bitxienak ziren Donostiako Aurrera tabernaren ezpainzapietan idatzitako poemak eta egurrezko piezetan idatzitakoak (tartean, Mikel Laboak “Txoriak txori” abestia bihurtu zuen olerkia). Azken hauek koadro batean jarriak dituzte, denak batera. Olerkiei erreparatuz gero esaldi ezagunak aurkitzen ziren, ezezagunagoak diren beste batzuekin nahastuta. «Gauzak gorde zalea zen, baina bere erara. Bilduma egitea asko kostatu zaigu», adierazi zuen emakumeak etxean zituzten dokumentuei buruz. Artzeren testuetatik bere gustukoena zein den aukeratzeko eskatu ziotenean, ezin izan zuen batekin gelditu: «Testu askok hunkitzen naute eta zaila izango litzateke bakarra aukeratzea. Agian nire gustukoenak ezezagunenak dira, intimoagoak direlako. Beti oso garrantzitsua izan da berarentzat olerkiak euskaraz egiteko hitz egokiak bilatzea, batez ere azken momentuan. Bazekien oso momentu laburra bizitzen ari zela eta bere helburua azken liburua amaitzea zen. Berak idatzi zuen, baina bion artean irakurtzen genuen eta bion artean amaitu izan bagenu bezala izan zen. Horrekin aritu zen lanean, amaierara arte...», gogoratu zuen samurki. Senarraren liburu guztiak ederrak direla uste du Estebanek, eta bakoitzean orrialde bat markatuta duela esan zuen, behin eta berriz irakurtzeko, oso gustuko dituelako. Bere ohiturei buruz esan zuen lan asko egiten zuela. «Intuizio bat zuen eta kosta egiten zitzaion beste plano batera eramatea. Euskaraz islatu nahi zuen berarentzat intuizio horrek esan nahi zuena. Oso motela zen idazten. Batzuetan nekatuta egoten zen. Intuizioa goizeko lauretan etortzen bazitzaion orduan jarri behar zen lanean, eta ahaztu egiten zitzaion gosaltzea, bazkaltzea, afaltzea. Gogoratu egin behar izaten genion bizitzak aurrera egiten zuela», aitortu zuen. Ondare garrantzitsua Denis Itxaso Kulturako diputatua dohaintza ekitaldian izan zen, eta familiari esker ona agertu zuen. Azaldu zuen aurretik ere Gipuzkoako Diputazioak jada bazuela JoxAnton Artzeren funtsaren parte bat, bera bizirik zegoela eman zuena. «Artzeren eskutik hasi zen euskarazko poesia esperimentala eta abangoardiakoa. Aurretik Koldo Mitxelenan bere lanik esanguratsuenak jada bazeuden, eta orain bere sendiak haren nahia zaindu du funts pertsonal hau gehituz», azpimarratu zuen. Dohaintzan emandako objektuen artean, olerkiez gain, dokumentu pertsonalak, korrespondentzia, laneko paperak eta bere obra poetikoari lotutako testuak daude. «Paper horietan ondoren argitaratu zituen obren aztarnak ageri dira», aipatu zuen diputatuak. Era berean, Koldo Mitxelenan dauden beste funtsak aberasteko balioko du ekarpen honek. Izan ere, duela bi urte liburutegiak Xabier Leteren funtsa jaso zuen, eta biak Ez Dok Amairu taldeko kideak izanik, elkar elikatuko dutela uste du Diputazioak. Azkenik, Itxasok, Estebani zuzenduz, beste behin eskerrak eman ostean, funtsari jarraipena emateko, zaintzeko eta ezagutarazteko konpromisoa adierazi zion. «Oso jabetuta gaude ondare honen garrantziaz, ez bakarrik ikuspegi akademikotik; inkontziente kolektiboan eta kultura herrikoian oso txertatuta dago», adierazi zuen Itxasok. Ikerketa beka EHUko Mikel Laboa Katedrako arduraduna den Pio Perez izan zen ekitaldiko hirugarren gonbidatua. Honek azaldu zuen Joxean Artze ikerketa beka abiaraziko dutela XX. mendeko euskal idazle eta poeten lana aztertzeko. Oraindik ez dute deialdirik zabaldu baina espero dute udaberrirako prozesua martxan egotea. «Ikertzaile gazte eta ez hain gazteei» parte hartzera animatzeko eskatu zien. Bekak 22.000 euroko diru laguntza eskaintzen du, doktoretza tesia izango dena burutu ahal izateko. Printzipioz urtebeteko luzera izatea aurreikusten badute ere, hiru urtera arte luzatu daitekeela iragarri zuen. Katedraren eginkizuna ikerkuntza sustatzea eta lortutako emaitzak hedatzea da, eta hori egin nahi dute beka honekin ere. OMENALDIADatorren asteartean, arratsaldez, omenaldia egingo diote Artzeri Diputazioan. Familiari ofizialki eskerrak emateko baliatuko dute ekitaldi hori. TXALAPARTAEstebanek esan zuen ez duela senarraren txalapartarik dohaintzan eman, segur aski sitsak jota egongo delako, baina ez zaiola inporta eskaintzea. Itxasok, orduan, proposatu zion hura zaintzeko leku aparta Gordailua litzatekeela.