GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Ikusezinak


Zubietako erraustegia dela-eta, urteak daramagu ingurumenean, gipuzkoarron poltsikoetan eta gure osasunean izango duen eraginez kezka agertzen, batez ere azpiegitura horren gertu bizi garenok. Kezka eta beldurraz harago, taldean hartuta, herritar ugari ahalegin eskerga egiten ari da herritarrei oro har eta agintariei bereziki, hondakinak tratatzeko beste bide batzuk badaudela eta «munstro» hori beharrezkoa ez dela frogatzen eta prebentzio printzipioaren izenean, gure eskaerak eta proposamenak entzun ditzatela eskatuz.

Horrela egin zuen berrikitan Diputazioaren aurrean GuraSos-ek. Bi gaztetxok zuzen-zuzenean eskatu zioten ahaldun nagusiari beren gurasoek, esfortzu itzelez hilabeteetan landutako plan alternatiboa entzuteko eta aztertzeko. Gauza bera egin zuen Hitzartu ekimenean hainbat pertsonalitate ezagunek osatutako Berme Batzordeak. Ez alferrik! Entzun al duzue zerbait Asensio edo Olanoren ahotik?

Prozedura administratibo gehienetan isiltasuna ezetzaren pareko izan ohi da. Eta bide horretatik jo dute «hondakinen arazoa» laster erabat konpondua izango dela dioten agintari gezur-zulook. Are gezurtiago agertzen zaizkit beren jokabide propagandistikoan maisuki eta egundoko bitartekoekin gardentasunaz, gipuzkoarron parte hartzeaz eta herritarrekiko begirunez dihardutela diotenean.

Entzuteko erregua zuzendu zietenak ikusezinak direla pentsatzeko bide ere ematen du halako isiltasunak. Baina, horrela ez delakoan nago. Ederki asko ikusi dituzte maltzurki entzungor egiten ari diren horiek. Orduan, zer? Bost axola! Ezta ere. Ondo neurtzen dute beren jokabidea, batez ere hauteskunde atarian. Auzi honetan ez ikusiarena egitea deliberatu dute datozen hilabeteetako ildoa finkatuta dutelako: hautetsontziak jarri baino lehenago azpiegitura bera abian jarri eta kitto arazoa!

Ezustekorik ezean, udaberrian lorearekin batera, maketetan ia ezkutaturik izan den munstroaren tximinia «loratuko» da. Baita hautetsontziak ere. Orduan ez ikusiarena egin edo ez herritar bakoitzaren esku izango da, geuk ematen baitiegu boterea agintariei.