17 ENE. 2019 IKUSMIRA Sustraien ondarea Amalur Artola Kazetaria Herritik eta herriarentzat sortua da Artziniegako Museo Etnografikoa. Euskal etxeetan behinola izan zen bizimoduaren lorratza gordetzen duen tenplua eta, inork eragozten ez badu, laster betirako ateak itxiko dituena. 70eko hamarkadan hasi zen Artziniegako gazte talde bat etxez etxe atea jo eta gure aitona-amonek erabiltzen zituzten lanabesak biltzen. Horren gizatiarra den «nondik nator ni?» galdera hilezkorrari erantzuna emateko ahalegina etnografiarekiko maitasunean egonkortu zen. Eta eskuzabalak izan ziren. 1984an, Arteko Gure Amaren santutegian, denon eskura jarri zuten Artziniegako Museo Etnografikoaren ernamuina izango zen bilduma. Bi hamarkada beranduago, Udalaren jabetzako eraikin batean egonkortuko zen museoa, eta haren inguruan bildutako herritarrek 3.000 metro koadroan eraikiko zuten antzinako bizimoduaren xarma gaur egunera helarazten digun museoa. Euri asko egin du ordutik. Artea elkarte etnografikoaren bidez espazio hau kudeatzen duen herritar taldeak ezin dio aurre egin museoa irekita mantentzeak duen kostuari. Beste eremu batzuetara –zenbait pribatuak– milaka milioi euro bideratzen dituzten instituzioak Euskal Herriko museo etnografiko garrantzitsuenetakoa bilakatu dena itotzen uzten ari dira. Eta urteko gastuei aurre egiteko 78.000 euro, ez dute besterik eskatzen. Herritarrek jada hitz egin dute. Batzar irekian, «Artziniega bizirik», museoak irekita behar duela aldarrikatu dute. Orain, herritarrengandik beti pauso bat atzerago dauden politikariek dute erantzukizuna. Joka dadila arduraz, gure sustraien ondarea baita Artziniega Museoa.