22 ENE. 2019 IKUSMIRA Legearen inperioak alde berera jotzen du beti Xabier Izaga Kazetaria Gizarte zibilizatu batean arazoak elkarrizketaren bidez konpontzen omen dira. Hala entzun izan dugu aspaldi luzetik eta aspaldi luzetik ikusi izan dugu askoz errazagoa dela arazoak zartakoka konpontzea. Iruñean ikusi berri dugu, Maravillas gaztetxearen inguruko liskarretan. Egunotan zenbait zauritu izan dira istiluetan, eta zazpi atxilotu. Iruñeko herritarrak. Jipoituak eta atxilotuak euren hobe beharrez, nonbait. Izan ere, horregatik bota dituzte Maravillasetik gazteak, euren segurtasunagatik. Gaztetxeko asanbleak aurkeztu zuen txosten teknikoaren arabera, berriz, eraikinaren egoera ez da arriskugarria. Ez da eztabaidagairik falta, beraz, baina bai, errazagoa da gazteak bota, gaztetxearen inguruak poliziaz bete eta protesta egiten dutenak jipoitu eta atxilotzea. Nafarroako Parlamentuak berehala jarri du arazoa konponbidean: larunbatean Rozalejoko jauregia okupatu izana gaitzetsi du, PPNk proposatuta eta UPNren, Geroa Bairen eta PSNren aldeko botoekin. Eskuin muturraren arriskuaz ohartaraziko digute, «legearen inperioaren» matraka ezin barneratuago dutela. Beti alde berera okertzeko joera nabarmena duen legearen inperioa. Nafarroako Parlamentuak «Rozalejoko Markesaren jauregiaren okupazio ilegala gaitzesten du, Nafarroako Gobernuaren eta, beraz, nafar guztien jabetza dena». Ez da astebete Yolanda Barcina Parlamentu horretan izan zela CAN auziaren gaineko azalpenak (ez) emateko. «Nafar guztien» ondasun hori desagertu izana epaituta dago, Barcinak gogorarazi zuenez. Horra, legearen inperioa.