23 ENE. 2019 PILOTA Eskuko minak ere ez du generorik bereizten Lehiakortasuna eta partida kopurua handitzeak arazoak sortu dizkie eskuz ari diren emakumeei. Jon ORMAZABAL Emakumeen esku pilotaren garapena abiadura izugarrian hartzen ari da eta 2015ean Zamudion jokatu ziren Emakume Cuparen finaleko irudiak abenduan Azkoitian jokatu ziren Lau eta Erdiko Emakume Master Cuparen finalekoekin alderatzea baino ez dago, atzean dagoen lan guztiaz jabetzeko. Emakumeen esku pilotak arrotz izateari utzi dio, komunikabideetan lekua irabazi du, pilotari kopurua izugarri hazi da –igandean hasiko den Binakako txapelketan 110 izatera helduko dira–... baina garapen honek ere badu beste aldea, eskuko minak ere ez du-eta generorik bereizten eta gizonezkoei horrenbeste arazo sortzen dizkien eskuko mina ere agertu da emakumeen artean. «Jokatutako azken partidetan nik dezente nabaritu nuen. Lau eta erdiko finalera nahiko justu heldu nintzen, eskuina nahiko larri nuen eta finalean ezkerra ere hondatu zitzaidan. Gero Durangon jokatu genuen Masterrean ere gaizki antzera ibili nintzen. Gauza da atsedena hartu behar dela eta Gabonak ondo etorri dira masajistarenera joateko eta atseden hartzeko», azaldu zuen Olatz Arrizabalagak, azken bi urteetan Binakako txapela jantzi duen gernikarrak. Promoziokoan ezustean txapela jantzi zuen Amaia Aldai dimoztarrak ere izan ditu arazoak eta txapelketa egoera onean hastea espero du. Mutiletan gertatzen den bezala, atsedenaz harago ez omen dago formula magikorik eskuak osatzeko. «Masajistarengana joan eta ur kontrasteak eginez, hobeto ditut eta entrenatzen jarraitu ahal izan dut», azaldu zuen. Exijentzia gora Orozkoko Gentzane Aldai igandean sartuko da txapelketan, aurreko biak ez bezala promozio mailakoan arituko da, eta iaz final-zortzirenetan kanporatua izan ostean, aurten finalean egotearen helburua jarri dio bere buruari. «Berez ez dut eskuetatik gehiegi sufritzen, baina iaz ere gauza bera esan nuen eta garai honetan lesionatu nintzen. Nik eskuetatik ez dut gehiegi sufritzen, baina egia da baita ere ez dudala gehiegi entrenatzen, ez izorratzeraino behintzat», aipatu zuen. Ezbairik gabe, hori da beste gakoetako bat, bakoitzak bere gorputzari eskatzen diona. «Finala Zornotzan jokatu zen lehen urte hartan, nik uste ez genuela horren serio hartu. Ez genekien horrenbesteko oihartzun edo ondoriorik izango zuenik. Orain eskua pala baino serioago hartzen dugu, nik behintzat bai, eta asko nabaritu dira entrenatzearen eta serio hartzearen ondorioak», esan zuen Arrizabalagak. Horietako bat izan da partidak ugaltzearena, Emakume Master Cup txapelketez harago, txapelketa eta partidak asko ugaritu baitzaizkie urte guztian zehar. «Hau guztia ondo etorri zaigu eskuak egitearen garrantziaz jabetzeko, batez ere, egunen batean pilota mistoarekin aritu behar badugu» Momentuz, pilota goxoarekin Etengabeko garapen horretan, materialarenak dirudi emakumezkoen esku pilotaren hurrengo urratsa. Pilotagileekin ari dira lanean, biguntasunik galdu gabe azkarragoa izan daitekeen materialaren bila, baina momentuz oso zaila da bi baldintza horiek behar bezala uztartzea. Orain arteko Emakume Master Cuparen edizio guztietan pilota goxoarekin aritu dira eta, pilotariek eurek inkesta batean aukeratuta, Binakakoan ere hala jarraituko dute, nahiz eta badiren pilota mistoarekin jokatzen diren txapelketak. Iker Amarika Emakume Master Cuparen antolatzaileak oso argi du, pilotarien euren eskaera izango dela hori baldintzatuko duena eta ez dio aterik ixten mistoarekin jokatzeari. Baina hori garapen baten fruitua izan behar dela defendatzen du. Txapelketa ahalik eta irekiena izan dadin, eta pilotariek gehiengoz erabakita, momentuz pilota goxoarekin arituko dira.J.O. PARTIDA BAKARRA Pilotarien garapenak igo du maila eta egun batean partida bat baino gehiago jokatzea gehiegizkoa izan daitekeelakoan, lehen mailako pilotariek partida bakarra jokatuko dute jardunaldiko eta promoziokoek bi.