Hitza nagusi hitzik gabe utzi gaituztenean
Irudi eta mezu laburren aroan (?) bizi garela entzun nuen aurreko batean irratsaio batean eta egunotan ikusi eta entzundakoen sekuentzia ikaragarria nuen begi aurrean. Eta begiak eta ahoa itxi ezinik nago ikusi eta entzun dudan azken (?) desarrazoia dela eta, estatu-kolpearen saio bat demokratikoa dela sinetsarazteko saiakera.
Hamaika ikusteko jaio garela dio atsotitzak eta munduaren jirabira honetan zentzu osoa hartzen du. Venezuelako hautetsontziek esandakoa txokoratzen duen saiakera berehala txalotu dute inguruko gobernuek, etxean kanpoko esku-hartzerik onartzen ez duten AEBak buru dutela.
Eskubideak kolokan jarri nahi dituztenei ere protagonismoa ematen ari zaie hemendik gertuago. Memoria eta eskubideak berriro lurperatzeko asmo garbia adierazi dute eta enbor berekoek, Caracasen izandako estatu-kolpe saioak, oraingoa eta aurrekoak, babestu dutenek, umekeriak balira bezala aurkezten dituzte, eurek bideratu dituztela eta. Beste zurikeria bat!
Diru iruzurra aitortu duen milioidun futbolariak alfonbra gorrian balego bezala egin zuen epaitegirako bidea, txalo artean eta autografoak sinatuz.
Miseria gorritik eta gudaren izutik ihesean bide gogor eta latzari ekin dietenei asilo eskubidea ukatu aurretik heriotza zigorra ezartzen zaie portuak ixten zaizkienean. Orain, horren lekukorik ere ez dute nahi eta GKE-en lana debekatzen dute. Hilobi erraldoia handituz doa Mediterraneoan.
Hitzik gabe utzi nahi gaituztenean hitza astintzeko ordua iritsi delako iritzikoa naiz, hitza ozen altxatzeko garaia.