GARA
DONOSTIA

Ikastolen Elkartearen ustez akordiorik onena lortu da

LABekin sinaturiko akordioaren balorazioa helarazi dute ikastolek eta Hezkuntza Sailaren adierazpen «mingarriak» gogoratu dituzte.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ikastoletarako Lan Akordioa sinatu zuten abenduan Ikastolen Elkarteak eta gehiengo sindikalak (LAB) eta atzo honi buruzko balorazioa eskaini zuen elkarteak. Azpimarratu zutenez, «hobekuntza esanguratsuak» lortu dira 2018 eta 2019 urteetarako. «Testuinguruari erreparatuz, lor zitekeen akordiorik onena da eta izaten jarraitzen du», iritzi diote.

Soldata igoerak lan kategoria guztietan, DBHko 1. zikloko soldata homologazioa eta 0-3 urteko zikloko langileentzat, zerbitzuetako beharginentzat eta Hezkuntza Laguntza Espezialistentzat hobekuntzak jasotzen dituela ziurtatzen dute. Akordioak Ikastolen Elkarteko 59 ikastoletan eta 3.500 langileren baldintzetan du eragina. Guztira, 46.603 ikasle biltzen dituzte ikastolok.

Negoziazioari eta hobekuntzari dagokionez, hain zuzen, ELAk desadostasuna erakutsi zuen patronalen proposamenekin eta ez zuen sinatu hitzarmena. Hala, Lakuako Hezkuntza Sailak eginiko adierazpenak izan zituen gogoan elkarteak. «Adierazpenak mingarriak izan dira, beraiek sare publikoan egin zuten bezala arazoak hitz eginez konpontzen direla esan zuten, baina ez zuten adierazi sare publikoaren akordioak 40 milioiko gainesfortzua suposatzen diola EAEko hezkuntza sistema osoari».

Euskadiko Eskola Kontseiluaren 2015-2017 txostena erreferentziatzat hartuta, Hezkuntza Sailak itunpeko sarearen finantzaketaren %66 «baino ez du betetzen; eta, aldiz, gurasoen ekarpenak %21era iristen dira, Europako batez bestekoarean gainetik (%6,8).

Horregatik, bere erantzukizunari «heltzeko» eskatzen diote Lakuari: «Helburua hezkuntza sistema propio bat eratzea baldin bada, ezin dira mantendu finantziazio publikoaren ikuspegitik dauden desberdintasun nabariak».