GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Tolosara begira jartzeko tentazioa Altuna-Martija eta Artola-Mariezkurrenarentzat

Bi bikote horiek finalerdietako laugarren txartela lortzeko lehian jarraitzen duteeta elkarren aurka neurtuko dira hilaren 17an Beotibar pilotalekuan.


Apurka-apurka Binakako Txapelketako final-laurdenetako ligaxka argitzen doa eta, oraindik sailkatzea matematikoki bikote bakarrak lortu duen arren (Elezkano II.a-Rezusta), oraintxe bertan badirudi finalerdietarako beste bi txartel ere nahiko erabakita daudela Olaizola II.a-Albisu eta Irribarria-Zabaletarentzat –beste garaipen bat behar dute zalantzak uxatzeko–. Laugarrena, aldiz, Artola-Mariezkurrena II.aren eta Altuna III.a-Martijaren artean dagoela esan daiteke.

Hain zuzen ere, badirudi azken bi horiek otsailaren 17an elkarren aurka Tolosan jokatuko duten neurketa erabakigarria suertatuko dela batzuen eta besteen aukeretarako. Baina Beotibarreko deman pentsatzen hastea tentazio handia den arren, hobe dute bi bikoteek datorren asteburuko hitzorduetan pentsatu, batez ere Aspekoek, porrot batek asko aldrebestu baitezake beren bide-orria.

Asteburu honetan jokatzen lehenak Jokin Altuna eta Julen Martija izango dira, larunbatean Labriten Danel Elezkano eta Beñat Rezustaren aurka. Jada sailkatuta dauden enpresakideak dira, horrek suposatzen duen zalantza guztiarekin.

Esan bezala, porrot batek oso ukituta utziko lituzke beren aukerak, baina garaipen batek sekulako presioa ipiniko lieke igandean Gasteizen jokatuko duten Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrenari. Aimar Olaizola eta Jon Ander Albisu enpresakideen aurka jokatuko dute hauek ere, baina horiek garaipen bat behar dute oraindik.

Hamabigarren jardunaldia ostiralean hasiko da bi jaialdirekin. Hasten lehena Tafallakoa izango da, 20.30ean, eta bigarren partidan jokatuko dute Bengoetxea VI.a-Imaz eta Urrutikoetxea-Aretxabaleta bikoteek. Bestea Azpeitikoa izango da, 22.00etan hasita, eta bertan Ezkurdia-Ladis Galartzak Irribarria-Zabaletaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Izarraitzekoa izan daiteke bi partidetan interesgarriena, Irribarriak eta Zabaletak beste puntu bat behar dutelako lasai egon nahi badute, eta aurkariek oraindik aukera txikiren bat badutelako. Gainera, Aspeko lau jotzaileok nor baino nor ikustea gozamena da –ostiraleko bi partiden material aukeraketa bihar egingo da eta besteena, etzi–.

«Erreminta» aldizkaria

Xistera Elkartearen eskutik “Erreminta” aldizkaria jaio da. «Erremintak komunikabideetan duen hutsunea betetzeko asmoz» dator. Doan banatuko da, baina etxean jaso daiteke 40 euroren truke harpidedun eginda; 30, Xistera Lagunen kasuan.