05 FEB. 2019 GUTUNAK Zorionak zure urtebetetzean ITZIAR AIZPURUA EGAñA Ezker abertzaleko militantea Zorionak zure urtetebetzean, GARA, neskatxa eder hori! Zure familia handiak gogoan du jaio zineneko garaia. Orduko grina, itxaropena eta aurrera ekiteko beharra. Horregatik egin duzun ibilbidea ez da nola-halakoa izan! Latza, baina maitasunez betetako bidea. Horregatik jaio zinen, maitasun eta beharraren ondorioa baitzara, GARA. Begira, gaztetxo, ni neu ere kartzelan nintzen kide askorekin batera ilusio hori partekatuz, zure jaiotzarena, alegia, beste une mingotsekin batera. Orduan bildu genituen indarrak gara zintezen, baita gerora ere, elkarrekin bide beretik ekiteko izan ziren. Eta hara hor non agertzen zaizkigun betiko mamuak beldurtu nahian zeu eta zure familia osoa. Ez gaitezen estutu maitea. Honelako kolpeak jasaten iaioak gara, baita gainditzen eta handiagotik ateratzen ere. Ez ezazu ahaztu ez zarela familia herrenean jaio, are gutxiago zekenean, eta asko gara gainera. Elkartasuna eta eskuzabaltasuna erakutsi dizugu denon artean, nahiz batzuk haserre ikusi gaituzun noiz edo noiz, gure ustez, egin beharreko bidearen ordez saihetsekoa hartu duzulako edota lehentasunetan ados jarri ez garelako. Baina oro har erakutsi duzuna zintzo eta garbia izan da. Eredugarria. Eskerrik asko eta aurrera GARA! Ez gaituzte izutuko eta ez dugu atzera egingo. Behar den laguntza izango duzu merezi duen bide honetan garatu zaitezen. Neskatxa ederra izatetik emakume zoragarria izateko bidea elkarrekin egingo dugu. Egon lasai, eta ekin! Hemen gauzkazu.